Euskaraldia ariketa soziala gaur amaituko da, egubakoitza. Azaroaren 18an hasi zen ariketa, eta, ordutik hona ahobizi edo belarriprest txapak jantzita, euskara ulertzen duten hiztunak hizkuntza ohiturak indartzen edota aldatzen aritu dira. Hori horrela, egitasmoari amaiera emateko eta biharko Euskararen Eguna ospatzeko zenbait ekintza izango dira.
Gaur, Fernando Eskoriatza plazan Niala magoa izango da, 18:00etan. Etxeko txikienek eta nagusienek, denek batera, familian ongi pasatzeko, barre egiteko, emozionatzeko eta momentu ahaztezina bizitzeko magia saio izango dute. Protagonistak arte eszenikoak eta plastikoak landu ditu bere ikasketetan, eta urte luzez magia emanaldi ugari egin ditu. Hori horrela, ondo prestatutako, trikimailuz betetako eta ikus-entzuleak aho zabalik uzteko moduko ikuskizun dibertigarriarekin izango da Eskoriatzan.
Dantza eta musika
Bihar, zapatua, berriz, Euskararen Eguna ospatuko da. Hori horrela, Eskoriatzako gaztelekuko nerabeek, 12 eta 17 urte bitartekoek, Peio eta Irene bikotearen kontzertu akustikoa izango dute entzungai. 17:00etan hasiko da emanaldia, gaztelekuan, eta, ondoren, bertan daudenen artean afari-merienda prestatuko dute.
19:00etan, berriz, aparteko dantza ikuskizun batekin gozatu ahal izango dute Fernando Eskoriatza plazako karpara joaten direnek. Izan ere, Aukeran dantza konpainiaren Geltokia saioa izango da; dantza garaikidea eta euskal dantza uztartzen dituen ikuskizuna, hain zuzen ere.
Piztiak Inkernu tabernan
22:30ean, aldiz, Atxorrotx kultura Elkarteak antolatuta, Piztiak taldearen kontzertua izango da Inkernun. Piztiak taldea 1991. urtean TU-K taldea desagertu zenean Txomin Uribe, Josu Aranbarri, Peio Larrañaga eta Jesus Galan musikariek eta Kirmen Uribe idazleak osatutako Ondarroa eta Mutrikuko taldea da, eta, egun, Jose Lastra ere badabil taldean. Ibilbide honetan zazpi disko kaleratu ditu taldeak; beraz, esperientziarik ez da faltako oholtza gainean.