Lau lurraldetako ardoak eta pintxo goxoak izango dira zapatuko ardo dastatzean

Imanol Beloki Unamuno 2022ko aza. 24a, 11:14
Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatutako ardo dastatze bat.

Urteroko hitzorduari eutsiz, Atxorrotx Kultura Elkarteak ardo dastatzea antolatu du zapatu honetarako. Aurtengoa hemezortzigarren edizioa izango da, eta 18:30ean hasita, Fernando Eskoriatza plazan askotariko ardoak probatzeko aukera izango da, eta baita mokadutxo goxo bat jateko ere.

Ardoen dastaketaren errituan bost zentzumenak jartzen dira dantzan, baina Atxorrotx Kultura Elkarteak zapatu honetarako antolatu duen ardo dastatzean ez dira arituko profesionalen tankeran ardoa nola probatu behar den irakasten. Izan ere, ikasteko onena dastatzea da; eta ardorik onena, berriz, bakoitzari gustatzen zaiona.

Hori horrela, hainbat ardo mota probatzeko aukera izango dute eskoriatzarrek, Fernando Eskoriatza plazan, herriko txistulariek girotuta, 18:30ean hasiko den egunerako prestatutako ardo dastatzean. Plazan jarrita dagoen karpa barruan zenbait gunetan banatutako postuak izango dira, eta bertan ardo onduak, ardo beltzak, zuriak eta cavak izango dira; eta horiek, Euskal Herrikoak, katalanak, galiziarrak eta Gaztelakoak. Gainera, edariari laguntzeko, urtero moduan, pintxo goxoak prestatuko dituzte: odolki-pintxoak eta Pates Zubiaren eskutik foie-pintxoak; guztira, 500 inguru.

Funtzionamendua eta prezioa

Kopa bat ardo hartzeko edo pintxo bat jateko tiket bidezko funtzionamendua izango da. Hau da, tiketa erosi beharko da lehenengo, eta gero, edatekoa edo jatekoa eskatu. Hori horrela, ardo bakoitzak 1,5 euroko prezioa izango du, eta pintxoen tiket bakoitzaren prezioa euro batekoa izango da. Pintxoei dagokienez, odolki-pintxoagatik tiket bat eskatuko da eta foie-pintxoagatik, berriz, bi tiket.

Ohiko formatuan eta aterpean

Bi urtez formatu txikian egin da ardo dastatzea Eskoriatzan eta aurtengo edizioan ohiko formatura bueltatuko da ekintza. "Funtzionatzen duen egitasmoa da ardo dastatzea. Adin askotariko herritarrak batzen dira bertan eta herria aktibatzeko balio du ekintza honek; hala, urteroko ekintza puntual hau mantentzeko helburuarekin berriro antolatzea erabaki dugu. Aurten ez du bat egiten Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun egunarekin; hala ere, karpa dago plazan jarrita eta aterpea izango dute bertaratzen diren herritarrek", adierazi dute Atxorrotx Kultura Elkarteko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak