Azaroko ohiko osoko bilkura izan zen atzo, eta, tratatutako gaien artean, azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna izan zuten berbagai. EH Bilduk herriko talde feministekin adostutako proposamena eraman zuen batzarrera eta EAJk, berriz, Eudelek egiten duen proposamena. Horrekin batera, osoko bilkuran zenbait herritar batu ziren eta zenbait eskaera egin zizkieten udalbatzako kideei, indarkeria matxistaren kontra egiteko bidean urrats batzuk egiteko asmoz.
Ekintza zuzenen alde
Eskoriatzako EH Bilduk aurkeztutako adierazpen instituzional proposamena jarri zuten mahai gainean lehenbizi, eta Dorleta Sologaistoa EH Bilduko zinegotziak honako hau adierazi zuen: "Herriko talde feministekin kontrajarri dugu Eudelek adierazitakoa; herriko errealitatera gerturatzeko lanketa bat egin eta testu bat osatu dugu. Hala, urtean zehar aurrera eramateko ekintza zuzen batzuk atera ditugu ondorio gisa. Horrekin batera, gai hauek guztiak gizarte batzordean lantzen dira, eta gai hauek urtean zehar lantzen dituen herritar talde batek edo ordezkariren batek batzordean parte hartzeko eskaera egin dugu". –EH Bilduk aurkeztutakoa aldeko 2 botorekin (EH Bildu) eta 7 abstentzioarekin (6 EAJ, 1 EEE) onartu zen–.
Eudelen proposamena
EAJko bozeramaile Josu Ezkurdiak Sologaistoari erantzun zion. "Gai honetan denok batu behar dugu eta proposamen guztiak ondo etorriak dira", adierazi zuen. Hala, ezetza bozkatu beharrean, abstenitu egin ziren. Gero, Eudelek proposatutako adierazpen instituzionala jarri zuen mahai gainean EAJk. "Planteamenduak bateragarriak dira. Batean abstenitu gara eta bigarrenean, Eudelek proposatutakoan, guk aurkeztutakoaren alde egin dugu. Kasu honetan, Euskadi mailan dagoen batasuna argi adierazten duelako", adierazi zuen Josu Ezkurdiak. –EAJk aurkeztutakoa aldeko 6 botorekin (EAJ) eta 3 abstentzioarekin (2 EH Bildu, 1 EEE) onartu zen–.
Elkarlana eskatu
Ondoren, osoko bilkuren aretoan izan ziren herriko mugimendu feministako kideek hartu zuten hitza, eta SAP (Gurasoen Alienazioaren Sindromea) gaia landu dutela adierazi zieten udalbatzako kideei. Honako hau esan zuten: "SAPen ondorioz, ama horiek seme-alabengandik banatzen dituzte, eta haien zaintza tratu txarrak ematen dituzten aitei eman. Instituzioek ere kolpatzen gaituzte, eta hori bistarazi nahi izan dugu, badaudelako kasu larriak. Gurekin jarri ziren harremanetan kasu hori sufritzen duten zenbait pertsona, eta guk, mugimendu feminista eta herritar moduan, gizarteratu behar den gaia dela uste dugu. Udalak pauso batzuk eman behar ditu; izan ere, genero ikuspegitik gabezia bat dago, eta eskatzen dugu azaroaren 25ean edo martxoaren 8an pankarta baten aurrean jartzearekin eta manifestu bat aurkeztearekin bakarrik ez goazela inora. Beraz, urtean zehar pauso batzuk ematea eskatzen dugu. Udalean Berdintasun teknikari bat jartzea, Udaleko langile guztiak formatuko dituena herrira begira berdintasun dinamikak sortu eta antolatzeko… Eta, horrekin batera, urtean zehar elkarrekin lan egin nahi dugu, orain arteko hutsune larriak berriro errepika ez daitezen", adierazi zuen Lore Diaz de Gereñu herritarrak.
Horren harira, Eskoriatzako alkateak, Joserra Zubizarretak, udaletxean sarrera ofiziala egina ote duten galdetu zien bertaratutakoei, eta edozein eskaera dela ere hori dela modua adierazi zuen. Hala ez bada, sarrera egin eta dagokion batzordean aztertuko dela azpimarratu zuen.
Elkarretaratzea egubakoitzean
Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean, Instituzioek ere zapaltzen gaituzte lelopean egingo da elkarretaratzea, egubakoitzean, Fernando Eskoriatza plazan, 19:00etan.