Joserra Zubizarreta: "Nahi izan duenarentzat irekita egoten jakin dugu"

Imanol Beloki Unamuno 2022ko aza. 22a, 10:00

Joserra Zubizarreta, Eskoriatzako alkatea, alkatetzan.

Joserra Zubizarretak (Eskoriatza, 1955) zortzi urte beteko ditu alkate jardunean. Herritarrek eskatuta edo lagunduta hainbat proiektu berri martxan jarri dituztela adierazi du, eta, agintaldia amaitzear, balorazio positiboa egin du.

Nola baloratzen duzu agintaldia?

Agintaldi gorabeheratsua izaten ari da. Alde batetik, zaila, gainditzen ari garen pandemia eta sufritzen ari garen Ukrainako inbasioaren ondorioak direla eta. Baina, bestetik, gustura, zailtasunak zailtasun, aurrera egiten jakin izan dugulako. Lasai asko esan dezaket, esan genuena egingo genuenari heldu eta irtenbide aproposenak bideratzen saiatu garelako. Bestalde, herritarren animo eta gertutasuna sentitu dudalako eta dugulako eta nahi izan duen guztientzat irekita egoten jakin dugulako.

Bete dira agintaldi hasierako helburuak?

Hauteskundeetan hamar ekintzako programa aurkeztu genuen eta ia denak aurrera eraman ditugu, kanpoko igerilekua eta pilotalekuko berrikuntza izan ezik. Baina aurrerapauso handiak eman ditugu etorkizunean gauzatu ahal izateko; pilotaleku berriaren aurreproiektua dagoeneko eginda dago eta igerilekukoari urtea amaitu baino lehenago heltzeko asmotan gaude. Horretaz aparte, hiritarrek eskatuta edo lagunduta hainbat proiektu berri martxan jarri ditugu: San Pedro goiko parkea berritzea eta txakurren txokoa. Eta agintaldia bukatu baino lehenago beste batzuekin arituko gara: skate parke berria eta muskulazio-gimnasioa egiteko proiektua.

Zenbateraino baldintzatu du pandemiak Udalaren lana?

Ba, asko, nahiz eta hasieratik Udalaren ia zerbitzu gehienak herritarren zerbitzura egon ziren. Udala gutariko etxe bakoitzera eraman genuen, herritarren zerbitzura egon ahal izateko. Eskertu egin nahiko nuke Udaleko langileek egindako ahalegin berezia. Gure errekurtsoak herrian sortzen ziren beharrei erantzuteko jarri genituen, hala nola gizarte zerbitzuak indartu eta zeuden protokoloak egokitu, taberna eta langile autonomoentzat dirulaguntza bereziak jarri, erosketa-bonuak, behar zutenei etxera laguntzak bideratu… Pandemiak ohiko diru-sarrerak baldintzatu zituen eta geneukan dirua momentuko lehentasunei dedikatu genien. Ondorioz, hainbat proiektu gelditu edota atzeratu egin behar izan genituen.

Zeintzuk izan dira zuen lan-ildo nagusiak?

Bi ardatz izan ditugu nagusiki: bat, herritarren arreta zerbitzu hobeagoa martxan jartzea; eta bigarrena, berriz, hauteskundeetan esandakoak markatu dizkigu agintaldiko ildo nagusiak. EAJ bezala hainbat konpromisorekin aurkeztu ginen, eta zailtasunen gainetik horiek betetzea izan da gure helburua. Hori, eta aipatu dudan moduan, herritarrek edota herriko kolektibo desberdinek eskatutakoari kasu eginez. Garbi dugu herritarra gure ardatza dela. Horrexegatik, herritarren arreta zerbitzu hobeagoa martxan jarri dugu: H@zi arreta zerbitzua. Eta emaitzak hor daude; udaletxera etorri direnek aldaketa izugarri igarri dutelakoan nago. Horrez gain, gauzatutako beste proiektu batzuen artean, Luis Ezeiza eskolan egindako hobekuntza guztiak, Bidebarrieta eta Gatz Bideko berrikuntzak, San Pedroko parkean aisialdi-gune berria, elizateetan garatutako proiektua eta abar.

Proiekturen bat geratu zaizue martxan, bukatu gabe?

Skate park berria maiatza baino lehen gauzatzea aurreikusten dugu; baita hainbat elizatetan argiteria publiko sare guztiak borobiltzea; eta zebra-bideen berrikuntza egitea Aranburuzabala kalean. Beste batzuek, berriz, hurrengo agintaldira arte itxaron beharko dute: pilotalekuaren berrikuntza, muskulazio-gimnasioa eta musika eskola berria egiteko proiektua. Ez ahaztu hauteskundeak datozela, eta horrek etorkizuna markatuko du.

"Skate park berria maiatz aurretik gauzatu nahi dugu"

Nolakoa izan da oposizioarekin harremana agintaldi honetan?

Normala. Eragin gutxikoa; datu batzuk emango dizkizut: 2021eko eta 2022ko osoko bilkurak kontuan hartzen baditugu, 25 bilera izan dira eta euren parte-hartzea hau izan da: batean, haiek laurek parte hartu dute, bederatzitan bat falta izan da, hamabitan bi falta izan dira eta hirutan hiru falta izan dira; beraz, uste dut hitzak sobran daudela. Baina beste datu bat emango dizut: 2022ko aurrekontua, hasiera batean, 5.321.120 eurokoa izan zen; euren ekarpenak 17.873 eurora mugatu ziren. Hau da, aurrekontu osoaren %0,34.

Eta nolakoa izan da Eskoriatzako Elizateen Elkartearekin?

Aurreko agintaldian lagundu ziguten eta oraingoan hasieratik eskaini genien gurekin akordioa egitea; alde biek onartu genuenez, aurrera. Eta emaitza oso baikorra izan da. Alde batetik, sinatutakoa bete egin dugulako, eta, bestetik, beste talde politiko batekin gobernatzeak norberaren ikuspuntua zabaldu eta aberastu egiten duelako. Elizateetako errealitatea hobetzen ulertzen lagundu digute. Aprobetxatu nahiko nuke agintaldi hasieran utzi gintuen Iñaki Kerejeta gogora ekartzeko. Pertsona zintzoa eta langilea. Haren ordezkoak, Leire San Vicentek, lan bikaina egiten dihardu, eta hori aipatzekoa da.

Intxaurtxuetako lanak, Dorletako zubikoak, Dorleta haur parkekoak… Noiz hasi eta bukatuko dira lan horiek?

Proiektu horietan herritarrek eman dizkiguten aholkuak jarraitzen saiatu gara. Dorleta eta Huhezi arteko zubia eta Intxaurtxuetako arrapala egiteko lanak batera hasi ziren, irail bukaeran, eta azaro bukaera inguruan amaituko dira. Dorletako haur parkea berritzeko lanak orain hasi dira eta Gabonak arte-edo iraungo dute.

Statkraft energia berriztagarrien ekoizpeneko enpresakoekin batu zineten. Zein itxura hartzen diozue proiektuari?

EAJn beti egon gara energia jasangarriaren alde, eta euskal erakunde publikoetatik beti babestu eta bultzatu ditugu horrelako ekimenak. Energiaren Euskal Erakundeak bultzatutako kanpainak eta Ekiolak, adibidez, argi eta garbi adierazten dute gure nazio proiektua etorkizuneko proiektua dela. Norvegiarren proiektuari buruz esango nuke oraindik hasierako faseetan dagoela; bideragarritasun ekonomiko eta teknikorik, guk dakigula, behintzat, oraindik ez daukate. Eta, gainera, haren tamainagatik, Espainiako Gobernuaren menpe dago eta Euskadin oso ondo dakigu Espainiako Gobernuak zer-nolako kudeaketa egiten duen; beraz, pazientzia.

Energiarekin jarraituz, Gabonak gertu daude; aurrezteko ze beste neurri hartu dituzue?

Gabonetako argiak beranduago piztuko ditugu, abenduaren 15ean, eta argi guztiak LEDekoak izango dira. Baina energiaren gaia dela eta, geotermia ezartzeko gauzatzen ari garen proiektua aipatu nahiko nuke. Energiaren Euskal Erakundearen laguntzarekin garatu nahi dugu eta haren helburua gasaren dependentzia jaistea da hainbat eraikin publikotan: kiroldegian, Luis Ezeizan, liburutegian… Aurrezpen ekonomikoa ekarriko du, baina, bereziki, Errusiarekin eta Aljeriarekin daukagun menpekotasuna txikitu egingo dugu. Proiektua urtarrilean esleitu nahi dugu, eta 2023ko negurako martxan egotea espero dugu.

"Geotermia proiektua dugu esku artean"

Abenduan onartuko dituzue aurrekontuak? Zeri emango diozue garrantzia?

Udal langileen ekarpenak jasota, alderdi politikoenak jasoko ditugu, eta abenduan aurrekontuak onartzea aurreikusten dugu; horrela, 2023ko hasieran diru-partidak erabilgarri egongo dira. Gizarte babesa eta inbertsioak izango dira ildo nagusiak. Aurreikusitako inbertsio nagusiak, berriz, geotermia proiektua, skate parke berria eta elizateko azpiegiturak.

Bi agintaldi alkate gisa; zerrendaburu aurkeztuko zara hurrengo udal hauteskundeetan ere?

Orain dela gutxi hasi da EAJren barne prozesua, hautagaiak aurkeztu eta aukeratzeko. Eta ni neu prozesu horrekin errespetutsua naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak