'Familian basora' Almeneko ikasgela berria bertatik bertara ezagutzeko

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko aza. 12a, 15:55

Ekogunearekin elkarlanean Naturan hezten proiektua abiatu dute aurten Arizmendiko Almen gunean. Eta gaur, Amaia Agoteren adituaren laguntzarekin, Familian basora hitzaldi-irteera antolatu dute familiei erakusteko basoak ekar ditzakeen onurak.

Ikastolako lurretan kokatzen den basoak jolasleku funtzioa izan du orain artean, baina ikasturte honetan ikasgela bilakatu dute. Naturan hezten proiektuaren oinarrian bi helburu nagusi daudela azaldu du Maider Herce baso-proiektuaren sustatzaileak: "Batetik, gu ere naturaren parte garela ulertarazi nahi dugu; ez dela natura gauza bat eta gu beste bat. Eta bestetik, natura maitatzea nahi da, horretarako bidea natura bizitzea izanik".

Aurreko ikasturtean proiektuaren aurrelanak egin zituzten, eta, espazio atontzeko lanak auzolanean egin zituztela azpimarratu du Hercek. Berrerabilitako materiala baliatu zuten horretarako, eta herritarren laguntza jaso zuten prozesuan; bai materiala lortzeko, baita egokitzapen lanetarako. Besteak beste, lankide ohien, familien edota basozainaren laguntza jaso zuten. 2022-2023 ikasturtean abiatu dute proiektua, eta LH 1. mailatik 4. mailara arteko ikasleak asteko egun batean basora irteten dira; basoa dute ikasgela.

Deialdi irekia izan da gaurkoa eta Amaia Agotek basoak eskaintzen dituen erakutsi dizkie familiei bi orduko saioan. Aurrera begira ere badute asmoa ikastolako basoan herritarrentzako ekintza gehiago egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak