Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean gauzatuko da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta Eskoriatzan azarorako ekintza egitarau zabala antolatu dute. Gaur-gaurkoz, 400 pertsona inguru animatu dira herrian ariketa sozialean parte hartzera, ahobizi edo belarriprest rola hartuta. Hala ere, oraindik izenik eman ez duenak eta gogoz dagoenak aukera du horretarako.
Herriko erabilera neurtzen
Ekintzen artean, azpimarratzekoa da Xabi Uriarte eta Iñigo Beitia eskoriatzarrek hilaren 16an egingo duten berbaldia, kultura etxean. Zenbat euskara egiten da Eskoriatzan? izenburupean, 18:30ean izango da saioa, eta bertan, zenbait galderari erantzuna ematen saiatuko dira, bertaratzen direnekin hausnarketarako tartea hartuta. Galdera hauek izango dituzte oinarri: 2021ean egindako Kale Erabileraren Neurketako datuen arabera, zenbat hitz egiten da Eskoriatzan?; Datuek errealitatea islatzen dute?; Lehen baino gehiago ala gutxiago egiten da euskaraz?
Zortzi bikotek izena emanda
Euskaraldiaren Herri Eguna izango da, bestalde, egun handia Eskoriatzan, eta lehenengo hitzordua bikoteka jokatuko den frontenis txapelketa izango da. Joseba Iñurrategi frontoian, 09:00etan hasita, 22 tantora jokatuko dira partiduak, eta, zortzi bikotek izena emanda, interesdunek aukera dute parte hartzeko, azaroaren 13a aurretik apuntatuta; Aldatz tabernan, Inkernu tabernan edo online. Azken hori, Eskoriatzakoagenda.eus helbideko estekaren bitartez. Irabazleek Atxaldeko gazta bana eta sorta bana Gerrigardo garagardo jasoko dute; parte-hartzaile guztien artean, berriz, sorta bat Gerrigardo garagardo zozketatuko dute; sari banaketa bazkalostean egingo da, plazan jarriko den karpan.
Herri bazkaria 15:00etan izango da, eta menua, honako hau: patatak errioxar erara, okela-bolak saltsan eta pastela. Txartelak Inkernun eta Urrestillan daude salgai, hamabost eurotan, eta, kasu horretan ere, txartelak erosteko azken eguna azaroaren 13a izango da. Horrekin batera, bazkaltzeko mahaiaren erreserba ere egin beharko da, 636 78 59 71 telefono zenbakira deituta. Bazkalostean, Julene eta Unai izango dira oholtzan musika eskaintzen; 19:00etan, triki-poteoa egingo dute; 22:30ean, Eten eta Banana Shake taldeen kontzertuak; eta, amaitzeko, 00:00etan, DJ Jotatxo arituko da Inkernun.
Egitaraua
09:00 Frontenis txapelketa, Joseba Iñurrategi pilotalekuan.
15:00 Herri bazkaria, Fernando Eskoriatza plazan jarriko den karpan. Bazkaloste musikatua, Julene eta Unai kantuan, eta Frontenis txapelketa sari banaketa.
19:00 Triki poteoa.
22:30 Kontzertuak: Eten eta Banana Shake, karpan.
00:00 DJ Jotatxo, Inkernu taberna.