Jaione Fernandez de Jauregi eskoriatzarrak bere hirugarren liburua argitaratu berri du, Historias de media X liburu erotikoa, eta atzo, egubakoitza, egin zuen lan berriaren aurkezpena. Aurkezpena ikusteko Zaldibar antzokia bete egin zen, eta idazleak Vanessa Gonzalez ipuin kontalariaren eta bakarrizketariaren laguntza izan zuen. Bada, gaur pozarren zegoen idazle eskoriatzarra: "Jende mordoa gerturatu zen aurkezpenera, aurrealdean bost eserleku egongo ziren hutsik, eta hori oso pozgarria da". Aurreko lanak ere herrikideen aurrean aurkeztu zituen lehenengo, eta laugarren bat idatziko balu, formula errepikatuko luke: "Zalantza barik, Eskoriatzan izango da aurkezpena. Eta aurrera nezake laugarren liburu baten lanean hasita nagoela. Ezin dut askoz gehiago esan, oraindik goiz da, baina bai esan nezake ez dela kontaketa bat izango. Baina hau zaletasuna baino ez da, ez dut presarik eta ez dakit noiz amaituko dudan. Egun batean idatzi ditzaket bi lerro, eta hurrengoan bat ere ez. Horrenbestez, presa barik nabil".