Gaur, 19:00etan, Fernando Eskoriatza plazan egingo da Euskaraldiaren hirugarren edizioaren aurkezpena. Aurtengo ariketa sozialean parte hartzeko informazioa banatuko da, eta bide batez, izen-emateko aukera ezarriko dute. Gainera, aurtengo edizioan, Eskoriatzan bereizgarria izango den hamabikoa osatuko duten kideak ere aurkeztuko dituzte, eta Ireneren eta Peioren emanaldi akustikoa ere izango da.
Gaur, egubakoitza, 19:00etan egingo da aurkezpen ekitaldia, Fernando Eskoriatza plazan
Euskararen erabileran jauzia
Euskaraldiaren hirugarren edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da, eta Eskoriatzan berezitasunak izango dira. Izan ere, lehenengo edizioan hamaikakoa osatu zuten Eskoriatzako Euskaraldia Batzordeko kideek ahobizi-ekin eta belarriprest-ekin, eta, ariketa honen espiritua pixka bat gehiago egitea denez, hamaika gehi bat, hamabikoa, osatuko dute aurtengo edizioan. Hau da, euskararen aktibazioa bultzatzeko urratsa egingo duten herritar hauek ekimenaren enbaxadore izango dira Eskoriatzan, eta herritarren parte hartzea aktibatzeko lehen deia egingo dute. Hala, euskararen erabileran urratsak egiteko bidean, honako hauek izango dira hamabikoa osatuko dutenak: Mikel Ortueta, Alaitz Orueta, Alfredo Martins, Andoni Bengoa, Andoni Moto, Iria Fachal, Hodei Peciña, Maribi Carrillo, Susanna Caminals, Oihane Belategi, Arane Zubia, eta Julen Ezeiza. Ahobizi eta belarriprest rolak izango dituzte, eta hizkuntza perfil desberdineko eskoriatzarrak egongo dira: lehenengo aldiz parte hartu dutenak, ulertu arren euskaraz hitz egiteko ohitura gutxi izanik eurei euskaraz egitea nahi dutenak, euskara ohiko harreman hizkuntza dutenak...
Izena emateko modua
Ahobizi edo belarriprest rola hartu daiteke norbanako moduan Euskaraldian. Ahobizi-ek euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dute une oro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakitenean, lehen hitzak beti euskaraz egiten dituzte; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dute. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diote kideek ulertzen dutenean. Belarriprest-ek, berriz, aldiro erabakitzen dute euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez dute euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek beraiei euskaraz hitz egitea nahi dute, eta horixe eskatzen diete modu esplizituan. [Izena emateko]