Zure lehenengo aldia izan da zinegotzi. Zer moduzko esperientzia izan da?
Esperientzia aberasgarria da, duda barik. Ardura eta erantzukizun handikoa ere bai. Energia handia jarri nuen Eskoriatzako Elizateen Elkarteak aurretiaz zekarren dinamika ulertzen eta baita udal baten funtzionamendua barrutik zein zen barneratzen. Esan beharra daukat oraindik ere horretan nabilela. Eta zerbait ikasi badut, zera da: bakarrik egiteko funtzio bat ez dela zinegotziarena. Ezinbestean talde baten babesa behar da. Hori ez badago, talde-lanik ez badago, zentzua galtzen du guztiak. Kolokan jartzen da taldearen beraren misioa eta bisioa eta baita eragite ahalmena ere.
Alderdia ordezkatzeko erantzukizuna egun batetik bestera hartu zenuen. Zer dela eta?
Agintaldi erdian sartu nintzen zinegotzi, aurreko bozeramailea, Iñaki Kerexeta, zendu egin baitzen. Halako egoeretan, prozedura izan ohi da zerrendakideengana jo eta kargua bertako norbaitek hartzea. Baina ez zen posible izan. Momentu hartan funtzio hori hartzeko urratsa ez zuen inork egin. Egoera horretan, bada beste aukera bat: zerrendetatik kanpo beste norbanako bat bilatu eta hura aurkeztea. Eta halaxe heldu nintzen neu. Oroitzen dut nola nire aitak, EEEren sorreran egondakoak, egoeraren berri eman eta animatu egin ninduen eginkizun hori hartzera. Iruditzen zitzaidan bereziki inportantea zela landa eremuetako errealitatea Udalera eramango zuen norbait egotea, elizateak eremu bizigarri bilakatzen jarraitzeko lanak egingo zituena. Funtsean, ez nuen nahi 40 urtean zehar sortutako katea eten.
"Iruditzen zitzaidan bereziki inportantea zela landa eremuetako errealitatea Udalera eramango zuen norbait egotea"
Zein eginkizun izan dituzu zinegotzi karguan? Zein gaitan eragin duzu, batez ere?
Aurretik egon ziren proiektuak zeintzuk izan ziren jakin gura nuen, baina zaila egiten zitzaidan, trasbase bat izateko betarik ez bainuen izan. Argi neukan bakarra zera zen: auzo-alkateak ezagutu behar nituela eta beraiek izango zirela nire erreferentzia eta bidelagun. Asko ikasi dut beraiengandik, eta zaindu ere zaindu naute. Egia esan, auzo-alkate talde polita dago. Eskertua nago. Era berean, Udalaren dinamika ezagutzea ere premiazko eginkizuna zen. Hori izan da lehen urte erdi pasatxoan egin dudan lanik handiena, duda barik. Beharrezkoa ondorengo funtzioak burutzeko: zazpi elizateetako eta Lete auzuneko bide konponketak bideratzea, argiteriari loturiko kontuei jarraipena egitea, sastraka kentzeak, ur sareari loturiko gaiak… Inurri-lan handia egiten da, gero ikusteko zaila dena.
Taxi partekatuko zerbitzu pilotuan buru-belarri aritu zara. Ze moduzko esperientzia izan da?
Agintaldi honen hasieran martxan jarri zen proiektu bat izan zen. Norbanakoon mugikortasun ohiturak behatuz eta ibilgailu pribatuaren erabilera osagarritzeko, erantzun kolektibo, bideragarri eta jasangarriak baloratzea zuen helburu. Era berean, landa eremuetan garraio publikoaren aukerak urriak dira edo ez dira existitzen. Ibilgailu pribatuarekin mugitzeko bestelako alternatibarik ez egoteak ere gizarte multzo bat bazterrean uzten du. Proba pilotuaren ostean, zerbitzu honek, osotara, urtean 13.000 euroko kostea izango zuela aurreikusi genuen eta horietako 10.000 euro diru publikoarekin finantzatzea zen gure proposamena. Udalaren 2021-2022ko aurrekontuetara begira proiektua aurkeztu genuen, baina ez zen posible izan aurrera ateratzea. Dena den, egindako lana hor dago, aurrera begira heldu nahi bazaio.
"Landa eremuetan bizi garenon interesak babesteko lanean dihardugu 1983tik. Eskoriatzan dugun hau bakarra da"
Ezinbestekoa da elizateak ordezkatzen dituen alderdia egotea udalbatzan? Zergatik?
Landa eremuak bizigarriago bilakatzeko Udalean lanean diharduen talde independenterik ez dut ezagutu oraindino. Egon izan naiz Gipuzkoako udaletan lanean diharduten talde independenteen bilera batean, eta beraiek harrituta geratzen dira esaten dietenean landa eremuetan bizi garenon interesak babesteko lanean dihardugula 1983tik. Eskoriatzan dugun hau bakarra da. Zaindu beharrekoa da. Agian, batzuek pentsatuko dute gaur egun landa eremuetako logika jada ez dela lehengoa. Gaur egun baserritik bizi direnak gutxi direla eta, beraz, kultura hori galtzen dabilela. Haatik, pentsa dezakete gaur egun zentzu gutxi daukala baserritarron talde independentea Udalean egoteak. Nik nahiago dut pentsatu landa eremuetan aberastasun ikaragarria dagoela eta auzoetako jendearen oinarrizko behar batzuk babestu eta eguneratu behar direla.
"Baserriak elkarren artean gertuago badaude, azpiegitura jakin batzuk egitea errazagoa da"
Zein elizatek du behar gehien?
Auzo bakoitzak izaera propioa du, eta baita behar espezifikoak ere. Egia da badaudela ezaugarri batzuk auzoa bizigarriago egiteko lagungarriagoak direla edo, kontrara, konplexuago bihurtzen dutela bizigarriagoa egitea. Esaterako, auzunea osatzen duten baserriak gertuago badaude, azpiegitura jakin batzuk egitea errazago eta ekonomikoki bideragarriago bilakatzen da. Hala ere, ez da guztiz determinantea hori. Bolibarren eta Gellaon zuntz optikoa noiz jarriko duten zain gaude duela urte batzuk. Mazmelan, Zarimutzen eta Marinen ez dago ur sare publikorik eta, poliki-poliki, hori lortzera bidean joan beharko dugu. Beste elizateetan, ustekabean, bestelako behar batzuk azaltzen dira, premiazkoak, eta ase beharrekoak.
Hauteskundeak dira maiatzean; bozeramaile jarraitzeko asmorik baduzu? Hasi zarete zerrenda osatzen?
Ez gara horri buruz hitz egiten jarri. Aurki heldu beharko diogu erronka horri ere!