Eskoriatzako Auzoko eta Berbalagunak egitasmoetako Nerea Zugasti dinamizatzailearen gidaritzapean, asteon hasi dira bietako parte-hartzaileak saioetan. Bietan izen-emate kanpaina martxan, herritarrak gerturatu nahi dituzte euskaraz bizitzera, hobetzera, hizkuntza ohiturak aldatzera, erabiltzera eta jende berria eta kultura ezberdinen gainean gehiago ikasiz gozatzera.
Berbalagunetan hiru talde
Euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzen dituen egitasmoa da Berbalgunak. Saioak hasi dituzte, baina, izen-emate kanpaina martxan, euskaraz hitz egin nahi duten guztiei animatzeko dei egin die dinamizatzaileak. "Iazko hiru taldeetako kideak hasi dira berbalagun saioekin. Guztira, 30 pertsona inguru dira hiru talde horietan berezituta ari direnak, baina egitasmoan parte hartzea irekia da; beraz, interesa duenak irekita ditu ateak", adierazi du Nerea Zugastik, Eskoriatzako Berbalagunak egitasmoko dinamizatzaileak.
Izen-emate kanpaina martxan dute Eskoriatzako Auzoko eta Berbalagunak egitasmoetan
Auzokon hamahiru lagun
Auzoko egitasmoaren ikasturte berria ere hasita, parte-hartzea handitzeko asmotan ikasturtea hasteko ekintza berezia ere hasi dira antolatzen. Saioak martitzenetan 10:30ean eta eguenetan 17:30ean egiten dituzte, kultura etxean, eta nahi duena bertaratu daiteke, auzoko.eskoriatza@gmail.com helbidera idatzi edo 661 74 63 76 telefono zenbakira deituta.
Euskal Herri mailako egitasmoa bada ere, kasu honetan, Eskoriatzako hizkuntza eta kultura aniztasunaren aurrean, Auzoko egitasmoak euskarara gerturatzen lagundu nahi ditu euskaratik urrun sentitzen diren herritar oro, modu parte-hartzailean, guztien jatorrizko hizkuntzei aitortza egin. "Izen-ematea zabalik dugu, eta, beraz, laster mintza-tonbola egingo dugu ekintza berezi bezala, egitasmoa ezagutzera emateko asmoz. Egin izan dugu, eta arrakastatsua izan ohi da; ea oraingoan… Parte-hartzaileei dagokienez, momentuz, iazko bi talde ari dira saioetan, hamahiru pertsona inguru, baina parte-hartze handiagoa nahiko genuke. Dena den, hasi dira lagun berriak etortzen", adierazi du Zugastik. Egitasmoaren dinamizatzaileak gaineratu duenez, Auzoko taldeen ardatza euskara izan arren, hori baino gehiago da: "Munduko janari ezberdinak probatzeko aukera ematen digu, kultura ezberdinak, parte-hartzaileen herrialdeetako errealitateak…".