Giro bikaina izan da San Pedroko eta Intxaurtxuetako San Pedro txiki jaietan. Joan zen eguaztenetik domekara bitartean ekintza ugari izan ziren bertaratuentzat, Angela Fernandez Angelita-k auzoko adineko pertsonei aitortza gisa botatako txupinazoaren ostean. Hala, pozik agertu dira antolatzaileak festek emandakoarekin.
Bi auzo horietako bizilagunak aritu dira antolakuntza lanetan, eta festak egitea parte-hartze horri esker izan dela posible adierazi dute San Pedro eta Intxaurtxuetako Jai Batzordeko kideek. "Esan beharra dago azkenengoz egin genituenean jende gehiago izan zela. Baliteke ilusio handiagoa zegoela jaiak berreskuratzeko, eta motibazio horrek denoi eragin zigun. Gainera, zubia ere izan dugula kontuan hartu behar da, baina, hala ere, oso pozik gaude jaiek eman dutenarekin. Bertakoez gain, herrigunetik ere etorri dira herritarrak… Txalotzekoa izan da auzotarren lana", adierazi du Andoni Motok.
Suzko erruberak, haurrentzako ekintzak, Irulitxa txaranga, rap saioa, DJ Motorekin dantzaldia, bazkaria, azoka… orotariko ekintzak izan zituzten, baina azpimarratzekoak izan diren hitzorduak ere nabarmendu ditu Motok.
300 lagun batu ziren 'Partxis plazan' jarritako karpan bazkaltzeko
Musika emanaldien arrakasta
Herri bazkarian 300 lagun batu ziren Partxis plazan jarritako karpan, eta, horrez gain, egun guztietan izan diren musika saioak batu zituzten jende gehien: "Egubakoitzean, ni egon nintzen musika jartzen karpa barruan, eta aurretik egondako rap kontzertua hasi aurretik beteta zegoen ikus-entzuleekin. Arrakastatsuak izan ziren lehenengo eguneko bi saioak, baina baita gainontzeko egunetan izandako erromeriak…".
Aurrera begirakoak pentsatzen
Datorren urteko jaietara begira badituzte dagoeneko ideia batzuk buruan, baina ez dituzte bere horretan utzi nahi, eta urte osoan zehar egingo dute lanketa. Hori horrela, urtean zehar ere ekintza jakin batzuk egiteko gogoz ere badaudela adierazi dute San Pedro eta Intxaurtxuetako Jai Batzordeko kideek. "San Pedroko eta Intxaurtxuetako bizilagunei eta gainontzeko babesleei eskerrak eman beharrean gaude. Beraiengatik atera ditugu aurrera festak; bestela, ezinezkoa izango litzateke. Jaiak berreskuratu genituen, eta orain, ondo errotu behar ditugu. Uste dut hori ere lortu dugula, eta urtez urtez hobetzea izan behar du bideak", adierazi du Motok.