Rafa Irigoyen: "Talde-lana dena da, aurrena eta azkena"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko uzt. 16a, 09:15

Rafa Etxegoyen Etxe-laneko gerentea da duela bost hilabetetik. (Argazkia: I.A.A.)

Ostalaritzako, elkarteetako eta eskoletako sukaldeko makinak saltzen ditu Etxe-lanek. Basque Cullinary Center eta Karlos Arguiñano ditu bezero, besteak beste.

Duela hogeita hamabost urte inguru sortu zen Etxe-lan enpresa, Fagor etxetresnen zerbitzu tekniko ofizial bezala. Duela bost hilabete hasi zen Rafa Etxegoyen enpresan lanean gerente gisa, eta hainbat erronka ditu aurretik.

Duela hogeita hamabost urte inguru sortu zen Etxe-lan enpresa, Fagor etxetresnen zerbitzu tekniko ofizial bezala. Duela bost hilabete hasi zen Rafa Etxegoyen enpresan lanean gerente gisa, eta hainbat erronka ditu aurretik.

Duela bost hilabete inguru hasi zinen Etxe-lanen.

Azken urteetan, Hernanin kokatuta dagoen multinazional amerikar batean aritu naiz lanean. Bi enpresetako kultura ezberdina da. Harreman asko nituen kanpoko jendearekin beste enpresan.

Nolakoa izan da lur-hartzea?

Aurretik lan egiten nuen enpresarekin alderatuta, planteamendua eta kudeaketa ezberdinak dira; hau, azken finean, kooperatiba da. Taldean jende jatorra eta langilea daukat, eta lanean ari naiz euren onena atera dezaten. Hori da nire helburua.

Zein zerbitzu eskaintzen dituzue?

Fagorren eta beste hainbat etxetresna markaren zerbitzu teknikoaz arduratzeaz gain, ostalaritzako, eskolatako, elkarteetako eta egoitzetako etxetresna handiak egiten ditugu: kozinatzeko labeak nahiz suak, adibidez, hotz industrialak deritzenak eta garbitegietako makinak.

Taldea aipatu duzu. Talde-lana garrantzitsua da, ezta?

Talde-lana dena da, aurrena eta azkena. Beste gauzak hobeto edo okerrago egitea badago, baina talde-lana ez bada egiten, ez dago ezer egiterik. Hori da garrantzitsuena. Egon naizen enpresetan hori bultzatzen saiatu naiz. Klima eta komunikazio aparta dauzkagu.

Talde-lanaren ondorio al da zuen zerbitzua?

Komertzialekin, proiektuetako ekipoekin, aparejadorearekin, delineatzailearekin eta muntatzaileekin ematen diegu erantzun integrala gure bezeroei. Gure lana ez da bakarrik makinak saltzea. Debagoienean eta inguruan indartsuak gara, baina gure erronka da handitzea eta merkatua zabaltzea.

Bezeroekin duzuen harremana nolakoa da?

Bilerak egiten ditugu, eta hark nahi duen horri soluziorik onena ematen diogu. Gure makinak bezeroekin probatzeko lekua daukagu. Gure proiektua egin, muntatu eta zerbitzu tekniko osoa ematen diegu. Digitalizazioarekin, bezeroari lanak erraztea da gure helburua.

Non jarri dituzue zuen makinak?

Basque Cullinary Centerreko labea guk muntatu genuen, eta guk ematen diogu zerbitzu teknikoa. Halaber, Arguiñanoren Zarauzko jatetxekoa eta Alaiakoa ere, haren ostalaritza eskolakoa, geureak dira.

Aurreneko pausoak digitalizazioan

"Digitalizazioaren aldeko apustua egiten ari gara. Gure sektorea oraindik ez dago oso murgilduta arlo horretan, baina etorkizunean, makina guztiak elkarren artean konektatuta egongo dira. Hala ere, geroz eta gehiago daude interkonektatuta. Digitalizazioaren hasieran gaude, gure erronka da. Gure markekin lanean ari gara bezeroei lana errazteko. Gure estrategia da zerbitzu eta produktu onak eskaintzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak