Urrezko erreplika ederrekin, 'Axtroki, urrearen magia' erakusketa inauguratu dute

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 28a, 10:29

50 urte beteko dira abuztuan Eskoriatzako Axtrokiko urrezko ontziak aurkitu zituztela. Hori horrela, erakusketa jarri dute Ibarraundi museoan; bertan urrezko Axtrokien erreplika landuak, eta panel informatiboak ezarri dituzte. Atzo egin zuten inaugurazio ekitaldia, eta bertan izan ziren Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendari nagusia, Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia eta Joserra Zubizarreta, Eskoriatzako alkatea.

Bisita gidatuak izango dira egubakoitzera bitartean, Saioa Altzua Ibarraundi Museoko langilearen eskutik. 18:00etan, euskaraz, eta, 19:00etan, gazteleraz. Horrez gain, uztaileko martitzen guztietan ere izango dira bisita gidatuak. Gaineratu zuten, udazkenean liburu bat ere aurkeztuko dutela Axtrokien gaineko informazio gehiago eta argazki ugari izango dituena.

Ekitaldian, Joserra Zubizarretak, Eskoriatzako alkateak adierazi zuenez, urtero erakusketa bat jartzen dute jaien baitan, baina, aurtengoa oso berezia dela azpimarratu zuen. "Ohore bat da Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionalean dauden berberak Eskoriatzan egotea. Hori dela-eta, zorionez Jaurlaritza, Foru Aldundia eta Aranzadiko ordezkariak gurekin izatea lortu dugu, eta horrek hauspo eta indar gehiago ematen diote gure ontziei. Bide horretan, ea etorkizunean, originalak Euskal Herrira, San Telmo museora, esaterako, ekartzerik ditugun".

Aranzadik eskainitako piezak

Pieza originalak Madrilgo Museo Nazioalean daude, eta Ibarraundi museoan jarri dituztenak erreplikak dira. horiek Aranzadikoek eraman dituzte Eskoriatzara, eta urtebetez izango dira bertan.  "Frankismoaren garaian geunden, ez genuen unibertsitate publikoa, jende asko erbestean…, eta basamortu horretan, 1947an herri mugimendu bezala, Aranzadi Zientzia Elkartea sortu zen. Gu erreferente bakarrak ginen, eta kexak izan ziren, Axtrokiko piezak Euskal Herritik kanpo eraman zituztelako eta hemen ere zerbait gelditu beharko zela esanez. Beraz, Madrilgo Ministeritzatik eman zizkiguten urrezko erreplika on hauek, eta hauek dira geroztik, azken 50 urtetan, Aranzadi Zientzia Elkarteko biltegian zaindu ditugunak", adierazi zuen Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiak.

Aranzadi Zientzia Elkartekoek utzitako Urrezko Axtrokien erreplikak.

Herriarentzak garrantzitsuak

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, berriz, honakoa adierazi zuen: "Eskoriatzarrentzat harro egoteko modukoak dira Axtrokiko ontziak, oso inportanteak direlako. Bi ontzi hauek duela 3.000 urte gertatu zen zerbait kontatzen digute, oraindik ez dakiguna zer izan zen. Aurten, 50 urte beteko dira hori gertatu zela, eta ordutik asko ikertu da. Informazio asko bildu da, eta gure jatorriari eta historiari buruz elementu asko ditugu. Garrantzitsua da memoria bat edukitzeko eta nortasunaren zantzuak eta ikurrak zaintzeko".

Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendari nagusiak, berriz, beraien ordezkaritza eta babesa ezinbestekoa zela ekitaldian azpimarratu zuen: "Aurkikuntza handia da, eta antzekorik ez du Euskal Herrian. Estatuan eta Europan gutxi batzuk dira halakoak topatu dituztenak. Hori horrela, Aldundia hemen egotea derrigorrezkoa zen".

Axtrokiko ontzien inaugurazioan batutakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak