Osasun arloan lanean diharduten profesionalak aitortuko ditu aurten Eskoriatzako Udalak. Hala, jaietako txupinazoa bota eta pregoia esateko ardura izango dute. Lau izango dira udaletxeko balkoira igoko direnak, gainerako profesional soziosanitarioen izenean: Dorleta Urrutia, Deiane Eguzkiza, Loli Arevalo eta Maider Bengoa. Ekainaren 28an, martitzenean, hasiko dituzte San Pedro jaiak Eskoriatzan. 19:00etan emango zaie ofizialki hasiera jaiei, txupinazoarekin eta pregoiarekin. "Pandemiaren ostean, Udalak nahi izan du aitortza bat egitea sektore horri, pandemia osoan egin duten lanagatik", azaldu du Kultura teknikari Arantxa Unzuetak.
Pozik eskertzarekin
Maider Bengoa: "Orain dela hiru aste izan genuen txupinazoaren berri. Egia esan, ez nuen espero, eta ilusioa egiten du; baina, ilusioaz gain, urduri ere banago". Bengoa Gurutze Gorriko boluntarioa da 2014az geroztik; Urrutia Jose Arana egoitzako langilea da; Eguzkizak Debagoieneko Ospitalean eta Aita Menni ospitalean egiten du lan; eta Arevalok, Debagoieneko Ospitaleko ama-haurren unitatean.
Dagoeneko prest dute martitzenean esango duten pregoia. "Pregoi motza izango da, etae skerrak emateko aprobetxatuko dugu aukera. Eskerrak, baita ere, beste sektore batzuei; izan ere, beste batzuk ere ibili dira lanean. Horrez gain, hil direnak gogora ekarriko ditugu. Azkenik, jaiak ondo pasatzeko eta errespetuz jokatzeko mezua zabalduko dugu", dio Bengoak. Pregoiaren ondoren, brindisa izango dute udaletxean; profesional soziosanitarioez gain, merkatariak ere gonbidatu dituzte brindisera. Pandemian zehar bizi izan duten egoera gogorren aitortza egingo diete azken horiei.
Egun bat gehiago
2022ko San Pedro jaiek ohikoek baino egun bat gehiago izango dute: zapatura arte luzatuko dituzte, uztailaren 2a. Zapatuan, kuadrillen eta familien eguna ospatuko dute. Besteak beste, Patata+ sukaldaritza lehiaketa izango dute, 12:00etan, eta ondoren, bazkaria egingo dute Gorosarri plazan, 14:30ean.