Erreplika berriak utzita, Ibarraundin ikusgai

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 24a, 16:07

Axtrokiko urrezko ontziak.

Axtrokiko urrezko ontziak duela 50 urte aurkitu zituzten, eta, hori horrela, Aranzadi Zientzia Elkartekoek utzitako erreplikak izango dira ikusgai Ibarraundin. Ekainaren 27an, astelehenean, Urrearen Magia izeneko erakusketaren inaugurazioa izango da, eta bisita gidatuak egingo dira zenbait egunetan.

Bolibar elizatean, Axtroki haitzaren magalean, 1972ko abuztuaren 17an, lur-jausi baten ondoren, urrezko bi pieza aurkitu zituzten Eskoriatzan. Aurten, 50 urte betetzen dira ontziak aurkitu zituztenetik, eta, Eskoriatzako Udalak kudeaketa ofizialak egin dituen arren Axtrokiko ontziak izenez ezagutzen diren piezak berreskuratu eta Euskal Herrian erakutsi ahal izateko, 50 urte bete diren honetan, Eskoriatzako Udalak kalitate handiko erreplika hauek aurkeztu ditu. Erreplika hauek Aranzadi Zientzia Elkarteak gorde ditu aurkikuntza garaitik.

Balio handiko piezak

Urte hauetan hainbat ikerketa egin dira bi ontziei buruz, pieza hauen jatorriaren zalantza argitzeko asmotan, eta azken Brontze Aroan datatu izan dira; hau da, K.a. 1200-850 urte inguruetan. Dituzten dekorazioen interpretazio astronomikoak ere egin dira, eta, aurkitutako lekuaren erreferentzialtasuna zein orduko kulturekin izan dezaketen harremana kontuan izanik, horien erabilpenari buruzko hainbat teoria ere garatu dira.

"Lur-jausi handi baten ondorioz metaturiko lurra erretiratzeko lanetan, ontziak bata bestearen barnean sartuta aurkitu ziren, inongo testuinguru arkeologikorik gabe. Lanen eraginez, apurketa partzial bat jasan zuten ontziek. Hala ere, balio arkeologiko handiko piezak dira Eskoriatzako urrezko ontziak, eta gaur egun Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionalean daude. Ibarraundi museoan baditugu erreplika batzuk, baina erakusketan jarriko ditugunak kalitate handiagokoak dira. Horiek Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek utzi dizkigute, eta, piezekin batera, panel informatiboekin egongo da osatuta erakusketa", adierazi du Saioa Altzuak, Ibarraundi museoko langileak.

Bisiten ordutegia

Asteon prestatu dute erakusketa Ibarraundi museoan, eta San Pedro jaietan ekainaren 28an, 29an, 30ean eta uztailaren 1ean bisita gidatuak izango dira, eta baita uztaileko martitzen guztietan: 5ean, 12an, 19an eta 26an; euskaraz 18:00etan eta 19:00etan gazteleraz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak