Txondorra egiteko asmoz, garai batean egiten zirenak gogoan

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 23a, 08:16
2006an, Iñurrategi anaiek senitartekoekin egindako azken txondorraren irudi bat.

Miren Diaz de Gereñu eskoriatzarrak, Bolibarren txondor-zulo ugari zeudela jabetuta, ikerketa jarri du martxan. Besteak beste, duela 25 urte jausorotarrek egindako txondor baten prozesua azaltzen duen ikus-entzunezkoarekin egin du topo.

Udal artxiboak, dokumentuak eta bestelakoak batuta, txondorra egiteko proposamenarekin jo du Miren Diaz de Gereñuk Eskoriatzako Udalera, baina eskaera ez dela aurrera atera adierazi du eskoriatzarrak: "Bolibar elizateko zenbait lagunekin elkartu nintzen: Antonio Izurrategirekin, Ataiuena, Karoi eta Jausoro baserrikoekin… eta haiekin hainbat bilera eta hamaika solasaldi egin nituen. Haiek eta Leintz Gatzagako zenbait lagunek txondor bat egiteko babesa adierazi zidaten, baina egitasmoak ez zuen indarrik izan, nahiz eta txondorra egiteko lekua zehaztuta genuen. Gainera, txondor bat egiteak ordu asko eskatzen ditu, zaindu egin behar da… Hala ere, horren bueltan, Iñaki Iñurrategik esan zidan haren aitak eta familiakoek 1997an egin zuten txondorraren bi orduko ikus-entzunezko bat zuela. Irudiek ez dute kalitate onik, baina txondor bat egiteko prozesu guztia agertzen da. Interesgarria izan da orduko irudiak eta argazkiak ikustea, eta, are gehiago, garai hartako istorioak entzutea…".

Txondorra egiteko bi modu zeuden: baserritarrena eta kanpotik etorritakoena

Ikus-entzunezkoan jasota

1997an, duela 25 urte, egin zuten azkenengoz txondorra Bolibarko Jausoro baserrikoek. Iñurrategi anaiek diotenez, "txondorra egiten zekiten senitartekoekin". Irudia da txondorraren prozesua jasota dagoen bi orduko ikus-entzunezkoaren fotograma bat.

Txondorraren prozesua ikus-entzunezkoan jasota dute, honakoa bideoko fotograma bat.

Jakintza, ezinbestekoa

Jausorotarrek diotenez, 1997an egin zuten azken txondorra. Hala ere, 2006an beste saiakera bat egin zuten. "Nire osaba eta aita falta ziren 2006an, eta, nahiko ondo atera zitzaigun arren, ofizialki, behar den moduan haiekin batera egin genuen, duela 25 urte. Txondorra egur sendoekin hasten da egiten, horiek pilatuz, eta amaieran, egur meheekin ondo ixten da. Zenbat eta egur txiki gehiago jarri, hobeto. Gero, lurrarekin tapatzen da, haizerik ez sartzeko, eta tximinia uzten da goian, su emateko. Sekretua sua ondo piztea da, eta ondo mantentzea. Gu laguntzen aritzen ginen, eta gaur egun ez dakit txondor bat egiteko gai izango ginen. Hala ere, gustura ikusiko nuke bat, eta, laguntzeko ere gertu egongo nintzateke", esan du Luis Iñurrategik, Jausoro baserrikoak.

Iñaki Iñurrategi, Jose Ramon Gamarra eta Luis Iñurrategi.

Txondorra egiteko tresnak.

Txondor motak

Diaz de Gereñuk dioenez, duela urte asko, bi mota zeuden txondorrak egiteko: "Basoak ustiatzeko bi modu zeudela konturatu naiz. Batetik, baserritarren modua, urtean behin egiten zutena, eta, bestetik, kanpotik etorritakoek, lanbide gisa, urte osoan horretan jarduten zuten modua. Azken hauei soilik ezin zaie erru guztia bota, baina XVIII. mendean etengabe mozten ziren enborrak: sutondorako, etxeak egiteko… Alegia, deskalabru hutsa izaten ari zen, ia baso gabe geratu ginen eta. Hala, arautu egin zen, eta pago-motz teknika erabiltzen hasi zen: altuera batera mozten ziren pagoak, hortik adarrak irteteko". Jausorotarrak izan ziren hemengo baserritarren erara txondorra egiten zuten azkenak, eta Emilia Some eta Florencio Garcia izan ziren, kanpotik etorrita, familia moduan, lursailak beste modu batean esplotatzen zituztenak. Gero, industrializazioarekin, txondorra egiteko ohitura desagertzen joan zen. Hala ere, Eskoriatza inguruetako ikatza Cerrajerara eta Ajuriara eramaten zituzten. Ajuria Araiako galdaketa handi bat izan zen, oraindik aztarnak ikus daitezke bertan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak