Eskoriatzako buztinari balioa emateko lana

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 3a, 08:29

June Larzabal lau udalerritako zeramikazko platerekin.

June Larzabal eskoriatzarrak, Sorkuntza eta Diseinua tituludunak, Gradu Amaierako Lanerako sukaldaritzako askotariko ontziak diseinatu ditu, Zuian (Araba), Elosun (Legutio), Aretxabaletan eta Eskoriatzan jasotako tokiko buztinak erabiliz.

EHUko Arte Ederren Fakultateko Sorkuntza eta Diseinuko ikasle June Larzabalen Gradu Amaierako lana da Lurlau, sukaldaritzako ontziak diseinatzeko proiektua, eta nota gorenarekin kalifikatu dute (10). Larzabalek zehazten duenez, "euskal buztingintzaren tradizioa ikertuz, lanbidearen jatorria eta artisau-prozesua arakatu eta diseinuaren tradizio berriekin" konbinatu nahi ditu proiektuak, "artisautzaren eta garaikidearen arteko harremana sortzeko". Lau udalerritan jasotako buztinekin platerak eginda, orain Zeramikako Masterra eginda, Master amaierako lanean proiektuari jarraipena ematen ari da.

Zubiateri balioa emateko

Proiektuaren ideiaren jatorriari buruz galdetuta, Eskoriatzan, Zubiaten gordetzen den zeramika zaharreko labea dagoelako abiatu zela dio Larzabalek, eta, betidanik interesa izanda, herriko buztina hartu eta zerbait egitea pentsatu zuela. "Zubiate labearen gaineko ikerketa abian jarri nuen, pentsatuta Eskoriatzan labea izanda buztin ona ere egongo zela herrian. Buztina jaso nuen Apotzaga elizatera bidean, bazter batean, eta lagin batzuk labean sartu nituen tenperatura ezberdinetan, gero plateren diseinuekin hasteko…".

Larzabalek egindako platerak eta laginak.

Plateren ezaugarriak

Plater sakonen sorta bat da Larzabalek egin duena. Molde berean egindakoak, baina elkarren artean pixka bat ezberdinak; hau da, hainbat koloretan diseinatuak eta elaboraziorako erabili den eremu bakoitzeko lokatzaren arabera aldatzen direnak. Eremu bakoitzeko buztinaren aldaketak esperimentatzeko adibideak direla dio Larzabalek. "Eremuaren eta lurraren artean diferentzia dago, eta, tenperatura desberdinetan eta lehortze desberdinekin laberatzen direnez, kolore desberdinak eta emaitza fisiko desberdinak dituzte. Proba- eta errore-esperimentu bat da, zeinetan tonu diferentziala ikustea nahi nuen".

Lau udalerritako buztinekin egindako platerak.

Ikerketa sakona

Proiektuaren ikerketa fasean, Eskoriatzan, Zubiate labearen albotik edo autobidearen sarrera ingurutik hartzen zela buztina dago idatzita, eta erreferentzia bibliografikoak batzen eta urratsak egiten bidelagunak ere izan dituela adierazi du Larzabalek: "Saioa Altzua Ibarraundi museoko langilearekin egon nintzen, eta, museoa ezagutzeaz batera, zenbait azalpen eman zizkidan. Ibarraundi museoan jasotakoez batera, Ollerietako (Elosu, Araba) Euskal Buztingintzaren Museoan ere izan nintzen, eta bertako Blanka Gomez de Segura buztingilearekin buztin motei buruzko irakaspenak jaso nituen, eta piezak sortzeko prozesuan lagundu zidan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak