Maria Jara: "Forbes-en aitortzarekin, jauzia eman dugu"

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mai. 27a, 08:28

Iñigo Monreal, Maria Jara –eskoriatzarra– eta Ruben Escudero Smallops enpresako sortzaileak.

Maria Jara Perea eskoriatzarra,  Forbes aldizkari ezagunean agertu berri da, 30 Under 30 Europako zerrendan, Smallops enpresako bi sortzailerekin batera –Iñigo Monrealekin eta Ruben Escuderorekin–.

Maria Jara Lidergo, Ekintzailetza eta Enpresa Berrikuntzan (LEINN) lizentziatua da Mondragon Unibertsitatean, Oñatin (2020), eta haren enpresako kideekin batera Forbes aldizkarian agertu izanak hautsak harrotu ditu. Lizentziaturaz gain, Harvard Manage Mentor-en ziurtagiri ugari atera ditu, eta, gaur egun, MBA ari da ikasten, The Power Business Schooleko ThePowerDigitalMarketing programan.

Forbes aldizkari ezagunean agertu zara, Smallops enpresako kide. Zer da Smallops? Zer egiten duzue?

Smallopsen oliba-olioa egitean sortzen diren hondakinak balioztatzeko teknologia garatu dugu. Hondakin horri tratamendu bat aplikatzen diogu eta tratamendu horretatik karbonoan kapsulatutako burdin nanopartikulak lortzen ditugu. Gaur egun, nanopartikula hauek biogasa ekoizteko prozesuak hobetzeko erabiltzean zentratuta gaude, onura desberdinak ematen baitizkiote prozesuari.

"Biogasaren eta nanoteknologiaren industria iraultzeko ahalmena dugu"

Zer da zuretzat Forbes aldizkariko zerrendan agertzea?

Sorpresa izan zen guretzat Forbes aldizkarian agertzea. Oso pozik eta harro gaude eman diguten aitortza handiagatik. Horrez gain, aldizkariari esker, elkarlanerako aukera berriak sortzen ari gara biogasaren eta oliba-olioaren sektoreetan.

Zer dela-eta agertu zarete bertan?

Forbes aldizkarian agertzeko, izendatua izan behar duzu. Behin izendatuta, zure lorpen pertsonal eta profesionalei buruzko hainbat galdera egiten dizkizute. Antza denez, ikusi zuten Smallopseko kideek biogasaren eta nanoteknologiaren industria iraultzeko ahalmena dugula, eta hori izan da aldizkarian Smallopsen hiru bazkide sortzaileak agertu izanaren arrazoia.

Zein kargu duzu Smallops enpresan?

COO (Chief Operating Officer). Enpresako produktuak sortzeko eta banatzeko sistema nola funtzionatzen ari den gainbegiratzen dut, sistema guztiek ondo funtzionatzen dutela ziurtatzeko. Hala ere, gaur egun, pertsona gutxi gara enpresan, eta, beraz, gauza asko egitea tokatzen zait. Gainera, enpresaren garapen fasearen arabera gauza desberdinak egin behar ditut, finantzaketa publiko/pribatua lortzetik, gure teknologia hazten eta eboluzionatzen jarraitzeko aliantza estrategikoak zaintzera.

Aurrera begira dituzuen proiektuentzat jauzia izan da aldizkarian agertzea?

Bai. Momentu honetan, 5 m3-ko nanopartikulen ekoizpen planta bat jartzen ari gara bazkide baten instalazioetan. Forbes-en aitorpenari esker, enpresen eskaera gehiago jaso ditugu haien instalazioetan gure teknologia sartzeko eta gurekin kolaboratzen hasteko.

Hondakinak sortzea saihestea eta ekonomia zirkularra sustatzea du helburu zuen enpresak, oker ez banago, ezta? Gaur egun, denon ahotan dagoen gaia da. Konpetentzia handia dago alor horretan?

Gaur egun, hondakinak hainbat teknologiaren bidez kudeatzen dituzten hainbat enpresa daude. Besteekiko dugun abantaila da gure teknologiarekin oliba-olioaren sektoreko hondakinak zero hondakin metodoarekin baloratzeaz gain, ingurumen-aplikazioak dituzten nanopartikulak lortzen ditugula. Era berean, gure prozesu honek oliba-olioaren ekoizpenaren ingurumen-inpaktuak murrizten laguntzen du.

Gazte ekintzailea izatea ere ez da kontu makala gaur egun. Laguntzak izatea, kontaktuak, jakintza maila-handia… ezinbestekoa da zuen alorrean?

Bai, oso garrantzitsua da lanean ari garen sektoreen erronkak eta arazoak ezagutzea eta gure bezeroengan konfiantza sortzea; batez ere, gure kasuan, inoiz ikusi ez den hondakinen balorizazio eta nanopartikulen ekoizpen sistema disruptibo berri bat ezartzen ari garelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak