Larrain dantza ikastaroa, plazan berriro egin eta ohitura bihurtzeko

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mai. 13a, 11:44
Astelehenean, Joseba Iñurrategi pilotalekuko gimnasioan, larrain dantza ikastaroko parte-hartzaileak hasteko gertu

Ferixa egunean, ekainaren 4an, Fernando Eskoriatza plazan larrain dantza egiteko ikastaroa hasi zuten astelehenean 44 lagunek. Esperientziadunak, hasiberriak, ikasitakoak eta gogoraraztera joan zirenak batu ziren, eta batuko dira, astelehenero.

Oihane Vicente dantza irakaslearen gidaritzapean hasi dira larrain dantza ikastaroak asteon. Talde ederra batu zen astelehenean Joseba Iñurrategi pilotalekuko gimnasioan, eta larrain dantzaren lehen zatiak zeintzuk diren ikasteko lehen saioa izan zuten bertaratuek: ezkerreko edo eskuineko hankarekin hasi behar den, zapia noiz eman behar zaion bikotekideari, eraman beharreko erritmoa, alde batera edo bestera mugitu behar den eta abar.

Hamabi minutuko dantza da, zati ezberdin asko dituena, eta irakasleak adierazi zuenez, "dantza luzea da eta pazientziaz hartu beharko da ikaste-prozesua". Hala, pauso guztiak dakizkiten herritarrak egon arren, lehenengo aldiz dantzara animatu direnak ere badira, eta horiek ere gogotsu daude. Aurreikuspenen arabera, gainera, hogei lagun inguru espero zituzten ikastaroan, baina, 44 lagunek izena eman eta aurreikuspenak gaindituta, Ferixa egunean 19:30ean egingo den dantza-saiora ere beste zenbait herritar batuko direla ere uste dute zenbait partaidek.

Teleskoko irudiak

Ikastaroa antolatzeaz gain, duela hogeita bost urte Fernando Eskoriatza plazan egindako dantza-saioko grabaketa ere aurkitu eta digitalizatu dute, herritar guztiekin partekatzeko. 1997an dantza egindako herritar batek zuen Teleskok grabatutako bideo-zinta etxean, eta, digitalizatuta, Youtuben jarri dute: batetik, dantza ikastarora animatzen direnek ikus dezaten, eta, bestetik, ikastarora joan ez denak edo ezin duenak bideoa ikusiz bere kontura ikasteko.

Hiru saio eta entsegu orokorra

Hiru saio egingo dira: astelehenean –maiatzaren 9an– egindakoa, maiatzaren 16an eta 23an egingo direnak eta, horiekin batera, dantza jakin eta entsegu beharrik ez dutenentzat zuzenduta ere badagoen maiatzaren 30eko entsegu orokorra. Saioak 20:00etatik 21:00etara bitartean egiten dira, eta lehenengo saioa pasa arren, izena eman nahi duenak 636 78 59 71 zenbakira deitu edo idatzi beharko du.

Dantzarako gogoa dagoelako

OIHANE VICENTE. Dantza irakaslea

"Hiru saio ikasteko Dantza taldeko ikasleek esan zidaten larrain dantza ikasteko gogoa zutela, eta ikastaroa antolatu dugu. Hamabi minutuko dantza bat da, hainbat zati ditu, eta hiru saiotan ahal duguna egiten saiatuko gara.".

IRATI UNANUE. Ikaslea

"Dantza taldeko kidea naizen arren, larrain dantza ikastarora joango naiz, nire lehenengo urtea delako eta ikasi egin nahi dudalako. Gainera, herrian antolatzen diren ekintzetan parte hartzea garrantzitsua dela uste dut, eta horregatik animatu naiz".

MIREN DIAZ DE GEREÑU. Ikaslea

"Duela 25 urte egin genuen dantza plazan, eta berreskuratzea eta ohitura bihurtzea polita izango litzateke. Hala, urtean bi saio, behintzat, egitea ederra izango litzateke. Azken zatiak dira zailenak, baina egingo dugu".

AIORA DIAZ DE GEREÑU. Ikaslea

"Ezagutzen dut larrain dantza eta badakizkit pausoak, baina errepasatzea ezinbestekoa zait, gero Ferixa egunean plazara irteten garenean ondo egiteko. Dantza luzea da, baina ez da gogorra; entseatuta, guztiok lortuko dugu ikastea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak