Desegindako taldeen errautsetatik sortua

Imanol Beloki Unamuno 2022ko api. 8a, 09:07

3 Kuervos taldeko Joseba Olmo, Jon Iglesias eta Maitane Otamendi entsegu lokal alboko eskaileretan.

3 kuervos proiektuarekin ari dira buru-belarri Jon Iglesias Moreti bateria-jotzailea, Maitane Otamendi Manzana gitarra-jotzailea eta Joseba Olmo baxu-jotzailea. Norberak dakiena mahai gainean jarri, eta sortze prozesuan ari dira hirurak.

Maitane Otamendi Manzana eta Joseba Olmo eskoriatzarrek eta Jon Iglesias Moreti soraluzetarrak desegindako musika taldeen errautsetatik sortu berri dute 3 Kuervos taldea. Hiru bele gazteek punk estiloarekiko lotura handia izan dute betidanik, eta proiektu berri honekin disfrutatzea dute helburu. Barrutik ateratzen zaiena egiten dute, etiketak baztertuz, eta kantu batetik bestera estilo guztiz ezberdina duten piezak sortzen ari dira. Hori horrela, hegoei astintzen hasteko gertu daude; betiere, taldearen filosofia jarraituz: dibertitzea eta egiten dutenarekin gozatzea.

Manzana-k eta Moreti-k ibilbide musikal luzea dute, biek daramatzate hogei urte inguru musika egiten, eta hasierako ilusio berarekin jarraitzen dute. "Gogoan dut Moreti-k eta biok, 2003an, Soraluzen, bakoitzak bere taldearekin eszenatokia partekatu genuela. Ordutik lagunak gara, eta beti izan dugu elkarrekin proiektu partekatu bat sortzeko gogoa. Olmo eta biok, berriz, lagun onak gara, eskoriatzarrak biak, eta gogoz geunden zerbaiti ekiteko. Hala, hirurok batu, eta proiektu berri honi 2021eko urrian ekin genion", dio Manzana-k.

Manzana, Olmo eta Moreti argazkilariari begira, beraien estilora posatzen.

Musika zainetan

Maitane Otamendiren lehenengo taldea Desprezio izan zen; Elgetako Espaloia Kafe Antzokian egin zen 2010eko Danbaka musika lehiaketako edizioan finalista izan zena. Gero, Toxikas taldean ere aritu zen, eta, Las Tuercas taldean egon ondoren, 3 Kuervos proiektuarekin zoratzen dago. "Kontzertu asko eman ditut talde ezberdinekin, batean bateria jotzen, bestean gitarra... eta hamaika istorio ditut kontatzeko. Bitxikeria bat, esaterako, orain gogoratzen dudana: 2019an, Abuztuaren 31n Santurtzin izandako Eskorbuto taldearen omenaldi kontzertuan, Roberto Moso Zarama taldeko abeslariarekin elkartu nintzen. Oholtza partekatu genuen, eta esan zidan emakumezko batekin eszenatokia konpartitzen zuen lehenengo aldia zela. Harrituta geratu nintzen...".

Moreti, berriz, Kalaña, Que Os jodan, Estropajo, Clavo Oxidado eta Katamixarrak taldeetan aritu da, eta orain bateria jotzen ilusioz dago eskoriatzarrekin batera: "Entseatzen gozatu egiten dugu, eta gure oinarria punk estiloa den arren, eboluzio fase batean gaude. Zortzi kantu inguru atera ditugu, baina gure aurreko taldeetako zenbait kantu ere errekuperatu ditugu; ni aritu naizen taldeenak eta baita Maitanek aurrez izan duen talderen batekoak. Abestiak gazteleraz sortu eta abesten ditugu, eta euskarazkoa bakarra dugu".

'Hiru beleek' San Pedro jaietan aurreikusten dute lehenengo emanaldia

Olmok, berriz, lau urte daramatza baxua jotzen, eta Rombos Negros bere lehenengo proiektua desegin ostean, ibilbide berri honekin hasi da. "Taldearen hasiera da, eta ikusiko dugu zein norabide hartzen duen. Maitanek eta biok lokala genuen, musika egiteko gogoa, instrumentuak, eta hala sortu da proiektua. Gure asmoa lehenengo emanaldia aurtengo Eskoriatzako San Pedro jaietan izatea da, baina, eguna iritsi aurretik beste aukeraren bat badugu, lehenago animatuko gara. Horren ostean, kontzertuak jotzen jarraitu gurako genuke; beraz, norbaitek interesa badu, jar dadila harremanetan gurekin".

Bihotzez sortutako kantuak

Urritik gaur arte, ahal duten guztietan aritzen dira Eskoriatzan duten lokalean entseatzen, astean bi edo hiru aldiz. Heriotza, Eskoriatza, Contrastes... herriko talde mitikoek entseatzen zuten leku berean dute lokala, eta nostalgiaz bada ere, talde horiek ere badira erreferentziazkoak haientzat. "Gure kantuen hitzak sistemaren aurkakoak dira, Elizaren eta erlijioaren kontrakoak, bortxatzaileen baztertzeaz... Barrutik ateratzen zaizkigun hitz ezberdinak eta melodiak ateratzen saiatzen gara. Horregatik ez dugu gure taldea estilo finko batean zehazten. Musikarekiko dugun maitasuna adierazten duen kantu bat ere badugu, esaterako; gure kantu light-a dela esaten dugu, ez du ezer errebindikatzen, baina bihotzetik egindakoa da. Kantu bakoitzak bere pertsonalitatea du, batetik bestera oso ezberdinak dira", adierazi du Olmok.

Oholtzara igotzeko gertu

Musika egiteko, elkartzeko eta sortzeko gogoa dela taldearen ardatza adierazi dute musikariek, eta etorkizun hurbilean zuzenekoak emateko ilusioa dute: "Gure kantuak lokalean grabatzen ditugu. Ez da modu profesionalena, baina, aurrera begira ez dugu baztertzen disko bat behar bezala grabatzea. Niretzat amets bat izango litzateke. Hala ere, une honetan motibatuta gaude, eta kontzertuak eman nahi ditugu. Gero gerokoak...", adierazi du Joseba Olmok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak