Maialen Gallastegi: "Espazioaren arabera jolastea gustatzen zait"

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mar. 25a, 12:41

Maialen Gallastegi artista eskoriatzarra. Argazkia: Alan Nickel

Askotariko teknikak uztartu arren, akuarela, tinta eta marrazkia lantzen ditu, batez ere, eskoriatzarrak. gorputzak marrazten ditu, gehienbat, elkarren arteko tentsioak sortuz.

Maialen Gallastegi 23 urteko Eskoriatzako artista gaztea Maialange ezizenez ezaguna da, eta hainbat teknika uztartzen ditu bere lanetan. Arte Ederrak ikasi zituen Bilbon, eta, pinturaren masterra ere eginda, zenbait proiektutan aritu da, bere ibilbide artistikoari hasiera emanez; egindako lanen erakusketak jarri izan ditu, eta urrats berriak egiteko gertu dago.

Zein teknika erabiltzen dituzu zure lanak gauzatzeko?

Akuarela, tinta eta marrazkia lantzen ditut, batez ere. Hala ere, espazioaren arabera jolastea gustatzen zait. Leku handi batean horma zuri handi bat badut margotzeko, lasaiago aritzen naiz, eta hainbat teknika landu ditzaket. Eskulturak ere egiten ditut... Espazioaren arabera lan egiteko modua asko aldatzen da.

Beraz, ezinbestekoa da lanleku gisa espazio bat izatea?

Estudio batean egon naiz denbora batez, eta orain, etxean egiten dut lan. Etxean atsedena eta lana nahasten dituzu, eta banatu beharra dagoela uste dut. Hala ere, asko disfrutatzen dut, etxea leku intimoa delako, baina estudioan beste artista batzuekin zaude, eta beharrezkoa da egiten duzuna erakustea eta zuk besteen lana ezagutzea.

Zure lanak detaile askorekin osatuta daude, ezta?

Pinturatik marrazkira eta hortik letrara egin dut bidea. Letra batek paisaia bat irudikatu dezake; esan daiteke marraztuz idazten dudala. Hau da, batez ere, gorputzak marrazten ditut, gorputzen arteko tentsioak eta horien arteko istorioak sortuz edo irudikatuz. Horrekin batera, letrekin ere jolasten naiz. Alfabetoko letrekiko interesa piztu zitzaidan, eta bide horri jarraituz aritu naiz. Esaterako, konturatu nintzen m letraren mugimendua dutela abiapuntu nire lanek, eta m letraren mugimendua olatu bat izan daitekeela...

Zein proiektu egin dituzu orain arte?

Bernarda Beñat G. Garcia artista donostiarrak eta biok beka bat eskuratu genuen iaz, eta BilboArten proiektu bat gauza- tu genuen urtarriletik ekainera bitartean. Horrekin batera, pinturako masterra egiten ari ginen bitartean erakusketak ere egin ditugu... Elkar ezagutu genuenetik, elkarrekin ari gara lan egiten.

Aurrera begira, zer egingo duzu?

Getxoko eskola batean hasiko naiz proiektu bat lantzen. Lehen Hezkuntzako lehenengo mailako haurrei saio batzuk emango dizkiet, eta argitalpen bat aterako dut. Gero, deialdietara ere aurkeztuko naiz, erakusketaren bat ere egingo dut, eta orain arte egindako lan guztia batzen duen argitalpena ere egin nahiko nuke. Proiektu asko ditut esku artean, baina dena airean dago.

Bilbon izan dira zure lanak ikusgai. Eskoriatzan, berriz, noiz izango da zure lanak ikusteko aukera?

Gustatuko litzaidake Eskoriatzan erakusketa bat egitea. Hala ere, arraroa izan daiteke, eta beldur pixka bat ere ematen dit. Hirietan, Bilbon, esaterako, arte eremua nahiko piztuta dago, eta herrietan gertatzen da ez dagoela hainbesteko interesik edo ez dela artea ulertzen. Herritarrek dituzten erreakzioak ikusteko, gustatu litzaidake erakusketa egitea, baina Eskoriatzan eta gure inguruan arte espazioak falta direla esango nuke, era berean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak