Martitzenean egindako martxoko ohiko osoko bilkuran, Gipuzkoako bide berdeen garapen turistikoa eta tokikoa sustatzeko eta garatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektua izan zuten berbagai Eskoriatzako udalbatzako kideek.
Ibilbidea berreskuratuz
Leitzaran-Plazaola bide berdean, Urola bide berdean eta Vasco-Navarro bide berdean egin nahi dituzte ekintzak, eta azken horretan, proiektuaren helburua da Eskoriatza eta Arabako muga arteko Euskadi-Nafarroa zaharraren ibilbidea berreskuratzea. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu Departamentutik proiektuaren atxikimendua eskatu diote Eskoriatzako Udalari, beste hainbat udalerriri moduan. Aho batez onartu zen proiektua babestea, nahiz eta EH Bilduko ordezkariek txostena gazteleraz aurkeztu izanagatik desadostasuna agertu zuten.
Proposamenarekin adostasuna
Gai zerrendaren nondik norakoak azaltzeko, Eskoriatzako alkateak hartu zuen hitza, eta honako hau azaldu zuen. "Aldundiak ikuspegi turistikotik garatu nahi du Vasco-Navarro bidea, beste bi bideekin batera, eta Europatik datozen dirulaguntzez baliatuta garatu nahi dute. Hala, bide horiek zeharkatzen dituzten herriko udal guztiei babesa agertzeko eskatu digute; gure atxikimenduarekin eskaera sendotzeko. Onartzen bada, hiru urteko epea egongo litzateke proiektua garatzeko", adierazi zuen Joserra Zubizarretak, Eskoriatzako alkateak.
Txostena, gazteleraz
EH Bilduk begi onez ikusi zuen Aldundiaren eskaera, baina kexa ere izan zuten. "Batzordean, proiektuarekiko gure adostasuna agertu genuen, eta atxikimendua emango diogu. Hala ere, atxikimendua euskaraz eta gazteleraz aurkeztu dute, baina txostena gazteleraz soilik dago, eta horrekin ez gaude ados. Kontuan hartuta Gipuzkoako Diputaziotik bidalita dagoela eta zenbait udaletara bidali dutela. Hemen bi hizkuntza ofizial ditugu, eta ez dugu egoki ikusten erdaraz bakarrik bidaltzea. Ez dugu uste Espainiako Ministeriorako edo Europako dirulaguntza bat eskatzeko txostena izan daitekeenik. Hala ere, oso interesgarria iruditzen zaigu proiektua, baina hizkuntzarena azpimarratu nahiko genuke", adierazi zuen Eluska Irazuk, EH Bilduko bozeramaileak.