Martxoaren 25ean mobilizazioa egingo dute, hezkuntza "publikoa, euskalduna eta propioa" aldarrikatzeko; 10:30ean elkartuko dira Eusko Legebiltzarraren aurrean. Horrekin batera, martxoaren 28an, manifestazio nazionala egingo da Bilbon, 11:30ean Arriagatik.
Hezkuntza Legearen gaineko lau eskakizun plazaratu dituzte sindikatuek: alde batetik, publikoa izatea, "beste edozeren gainetik, betiere, langileen zein ikasleen eskubideak bermatuz, eta horien parte-hartzea eta adostasuna kontuan izanda"; bestetik, legea propioa izatea nahi dute, "EAEko hezkuntzan erabateko eskumenak eskuratuz, eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin elkarlana areagotuz"; hirugarrenik, euskara eta bizikidetza balioak erdigunean jartzea exijitu dute.
Horrez gain, inbertsioa eta baliabideak handitzea eskatu dute, enplegua zein lan baldintzak bermatzeko, "merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at", eta baita segregazioari aurre egiteko ere.