Martxoaren 31n abiatuko da Korrika Amurriotik. Apirilaren 1ean egongo diren ekintzez harago, aurretik eta ostean izango diren hitzorduen berri eman zuten atzo herritarren aurrean egindako aurkezpenean.Herriko eragileek Korrikaren gaineko egitaraua aurkeztuta, Zaldibar antzokian, AEK-k Korrikarako egin duen Uhinak dokumentalaren proiekzioa eskaini zuten.
Egitaraua
Korrika Batzordea, martxoaren 23an berriz batuko da, 18:30ean, kultura etxean, azken prestaketa lanak fintzeko.
Martxoak 25, ostirala
• 18:00 Arropa salmenta, Fernando Eskoriatza plazan.
Martxoak 31, osteguna
• 19:00 Iñigo Beitia eskoriatzarraren hitzaldia: Euskara biziberritzeko egungo egoera eta gako berriak, Zaldibar antzokian.
Apirilak 1, ostirala
• 10:30 Korrika Txikia.
• 13:49 Korrika ofiziala.
• 17:00 Buruhandiak.
• 18:00 Trial erakustaldia, Gorosarrin.
• 19:00 Kontzertuak, plazan (Talainak taldea eta Ainhoa&Irene).
• 22:30 Sei Urte taldearen kontzertua, Inkernun.
Iñigo Beitiaren hitzaldia
Korrika Eskoriatzara iristeko atarian, hilaren 31n, Iñigo Beitia antropologo eskoriatzarrak hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, Zaldibar antzokian. Kulturaren eragina hizkuntzaren biziberritzean. Behin-behineko ondorio batzuk izeneko lana aurkeztu zuen Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituzten Txillardegi Hausnartu Soziolinguista sarietara, eta hirugarren saria jaso zuen berak.
Euskararen gaineko ikerketetan parte hartu izan du Beitiak, eta, lan hori ardatz, Euskararen biziberritze prozesuaren egungo egoera eta gako berriak izeneko hitzaldia eskainiko du herritarren aurrean: "Adituek esandakoak batu ditut, eta, horiek azaltzeaz batera, nola kokatzen dutenen euskararen egoera gaur egun adierazteaz batera, ateratako gako berri edo ideia eta kontzeptu berriak izango ditugu hizpide".
Kultura, kirola eta musika
Apirilaren 1ean, berriz, orotariko ekintzak izango dira egunean zehar. Korrika Txikiarekin hasiko da eguna, eta, eguerdi patean Korrika ofiziala pasa ostean, buruhandiak, Oztopo trialsin taldekoen erakustaldia eta musika emanaldiak –Talainak taldea eta Ainhoa&Irene–izango dira herritarren gozagarri, besteak beste.
Korrika pasa osteko ekintzak
Apirilaren 1ean Korrika Eskoriatzatik pasa arren, apirilaren 10ean Donostiara iritsi arte ez da bukatuko. Hori horrela, Leintz Gatzagako eta Eskoriatzako Korrika batzordeek elkarrekin mendi-martxa antolatu dute apirilaren 3rako. Norbere neurrira egokitzeko moduko ibilbidea izango da, eta bide osoa nahiz zatika egin daitekeela adierazi dute antolatzaileek.
10:00etan hasiko da mendi-martxa, Eskoriatza–Atxorrotx–Gatzaga–Eskoriatza, eta 11:30ean, talde argazkia aterako dute Atxorrotxeko tontorrean. Bertatik Gatzagarainoko oinezko bidearekin jarraitzen duenak 14:00etan salda izango du zain. Arratsaldean, berriz, 19:00etan, Mikel Etxabururen poesia errezitaldi musikatua izango da Zaldibar antzokian.