21 urte zituela, eta Eskoriatzan hutsune bat zegoela nabaritu ostean, erabaki zuen Jose Antonio Ponferradak erratza eta trapua hartu eta garbiketan lanean hastea. Urte batzuen ostean batu zen Txoni Mellado emaztea ere negoziora. Egun, ekintzailetza izango litzateke; bere garaian, nola edo hala bizimodua ateratzea zela dio.
Ia 35 urteko esperientzia... Denetik ikusiko zenuten urte hauetan.
Lehen urteetan denetik egiten genuen: ordu pila bat garbitzen; leku batetik bestera; gero, bulegoko lana... Lan asko, bai, baina ordutik bezero asko mantentzen ditugu. Zerbait ondo egin dugun seinale.
Zer dan lan honek duen onena? Eta, kontrara, okerrena?
Onena da jende asko ezagutzeko aukera dugula, eta norberarentzat lan egitea. Egia da guk dependentzia handia dugula gure pertsonalarekiko; azken batean, zure enpresaren irudia dira. Lana ondo egin eta zoriontzeko deitzen digutenean, izugarria da. Okerrena estresa eta garai txarrak dira.
Garbiketarena gutxi baloratutako sektorea da?
Oraindik gaizki ikusita dago. Lan bila etorri eta batzuek bulegoak edo enpresak garbitzea eskatzen dute, baina atarietan ez dute nahi, norbaitek ikus ditzakeelako. Lan hau beste edozein bezain duina da. Badugu garbiketa lanean aritu, fabrikara lanera joan eta berriz garbiketara itzuli denik, nahiago zuela.
Zeri ematen zaio garrantzia hemen?
Oso garrantzitsua da jarrera eta zintzotasuna. Azken batean, bezeroaren etxeetara edo enpresetara sartzen da gure langilea, eta bezeroak konfiantza izan behar du. Behin, etxe baten garbiketa egitera joan, eta mesanotxe baten tiraderako beheko partean 50.000 pezeta zituen gutun-azal bat aurkitu zuen garbitzera joan zen langileak.
Zer motako bezeroak dituzue?
Une honetan, %40 instituzio publikoak dira, %25 enpresak, %25 komunitateak, eta, gainerakoan, partikularrak eta elkar- teak. Baina denak Debagoienean; gertuko zerbitzua eskaini gura dugu, harreman zuzena mantentzeko aukera. Historikoki sektore feminizatua izan da hau...
Hala izaten jarraitzen du?
Urte askoan gizon bakarra egon da enpresa honetan. Apurka, gauzak aldatuz doaz, eta orain, %20 gizonak dira. Hala ere, ezberdinduta egoten jarraitzen du sektoreak; gizonak industria eta kale garbiketan dira gehiago; emakumeak, atari eta etxeetan. Hori bukatu beharra dago, pertsona guztiek balio dezakete lan honetarako.