Proiekzioekin indartuko dute feministek M8a

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mar. 4a, 13:26

Iaz, Martxoaren 8an egindako elkarretaratzea, Fernando Eskoriatza plazan.

Martxoaren 8an manifestazioa egingo dute, 19:00etan, Fernando Eskoriatza plazatik hasita. Hala ere, egingo duten ibilbidearen aurretik, zenbait ikus-entzuneko proiektatuko dituzte, berdintasunaren aldeko borrokan kontzientziak pizteko asmoz.

Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra lelopean, manifestazioa egingo dute Martxoaren 8an, 19:00etan, plazatik hasita. Hala ere, beste zenbait ekintza ere prestatu dituzte.

Eguaztenean egin zuten koordinazio bilera Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldekoek, eta ibilbidea zehaztuta utzi zuten. Plazatik aterata, eliza paretik goranzko noranzkoan joango dira, eta Dorleta auzoaren atzealdetik beheranzko bidea hartuko dute; gero, San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetatik pasatuko dira, eta, biblioteka albotik igaro ondoren, plazan amaituko da ibilbidea.

Proiekzioak aurretik

Manifestazioaren aurretik, Femideo izeneko lehenengo bideo-lehiaketara aurkeztu diren lanak jarriko dituzte ikusgai, Fernando Eskoriatza plazan. "Femideo izeneko bideo-lehiaketa jarri genuen martxan otsail hasieran. Martxoaren 8ra begira motorrak berotzeko ekintza izan da, eta oraindik balorazioetarako goiz da; izan ere, lanak azken unean entregatzekoak direla esan digute zenbait herritarrek. Lehenengo edizioa da, eta, Zer da feminismoa zuretzat? galdera oinarri, bideo bat grabatu behar izan dute partaideek. Ikus-entzunezko hauekin batera, ekofeminismoaren gaineko beste zenbait bideo ere proiektatuko ditugu. Manifestazioaren ostean egingo dugu bideo-lehiaketako sari banaketa", adierazi du Kristina Cardenalek, Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldeko kideak.

Ipuin kontaketa hilaren 27an

Martxoaren 8aren baitan, Dorleta Kortazar ipuin kontalaria izango da martxoaren 27an, Zaldibar antzokian, 80 amandre izeneko ipuin kontaketa egiten. Sarrera doan izango da, baina gonbidapenak aldez aurretik eskatu beharko dira kiroldegian edo bibe.me webgunean.

Sahararren jaira batuz

Martxoaren 8aren aurretik, baina, zapatu honetan, sahararren jaia ospatuko da Fernando Eskoriatza plazan. Egitaraua antolatzen laguntzen aritu dira Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldeko kideak, eta honako egitarau hau prestatu dute: 12:00eta-tik 13:00era bitartean, Mendebaldeko Saharako giza eskubideei buruzko mahai-ingurua izango da. 14:00etan, berriz, bazkaria egingo dute Saharako jakiekin, eta nahi duena joan ahal izango da horiek probatzera. Egitaraua amaitzeko, berriz, sahararrek ekarriko duten musika talde baten emanaldia izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak