"Elkarlana eta batasuna" Martxoaren 8rako

Imanol Beloki Unamuno 2022ko ots. 23a, 17:49

Eskoriatzako udalbatzako kideak otsaileko osoko bilkuran.

Bilkura telematikoak alde batera utzita, otsaileko osoko bilkura egiteko udaletxean batu ziren udalbatzako kideak martitzenean. Martxoaren 8aren baitan, EAJk eta EH Bilduk nork bere proposamena aurkeztu zuen, eta Eudelek eskatutakoa irten zen aurrera.

Denbora luzez bertan egin gabe, Eskoriatzako udalbatzako kideak martitzeneko otsaileko osoko bilkura egitera udaletxera bueltatu ziren. Gai-zerrendako puntu gehienak tramiteak izan ziren, eta Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, dela-eta, EH Bilduk eta EAJk aurkeztutako proposamenek izan zuten garrantzia bilkuran. Udal Gobernuak aurkeztutakoa atera zen aurrera, Eudelek eskatutakoa.

"Martxoaren 8aren baitan, alderdi bakoitzak bere proposamena aurkeztu du. Guk uste dugu Eudelek planteatzen duenak lanketa handia duela, Euskal Herriko alderdi eta ordezkari politiko guztiek ordezkatzen dutelako. EH Bilduk zerbait gehiago gaineratzea planteatu du, eta uste dugu halako zerbait osoko bilkuran adostu barik, lan batzordeetan aztertu behar dela teknikarien eskutik, eta guztion iritzia kontuan hartuta. Hala ere, garrantzitsuena da denon batura adieraztea", adierazi zuen Josu Ezkurdiak, EAJ-ko bozeramaileak.

Zaintza mahaia

EH Bilduk, berriz, honako hau adierazi zuen: "Eudelen proposamena aurkeztu ziguten, eta, halakotan egiten dugun moduan, lanketa bat egin genuen herriko talde eta elkarte feministekin. Asti askorik ez, baina bi proposamen ekarri ditugu. Garrantzitsuena zaintza mahai baten eratzea da. Zaintza sistemari buruzko analisia egin eta honen konpromiso kolektiboari heltzeko estrategia publiko-komunitarioak diseinatzeko eta abian jartzeko elkarrizketarako erabakigune bat. Eta gero, ekintza zuzenak egitea ere proposatu dugu emakume, nerabe eta nesken ahalduntze indibidual eta kolektiborako ekintzak bultzatzea, tokiko eragile feministekin batera: maskulinitateari edo ahalduntzeari buruzko buruzko hitzaldiak...", adierazi zuen Eluska Irazuk, EH Bilduko bozeramaileak. [EH Bilduren proposamena]

Ekintzetan parte hartzeko deia

"Eudelek marko on bat proposatzen du, eta EH Bilduk egindako proposamenak ere oso interesgarriak dira, eta kontuan hartzekoak. Adierazi da horiek batzordeetan lantzea, eta Elizateen partetik horri forma emateko prestutasuna adierazten dugu. Esan behar da Martxoaren 8a kaleak hartzeko eguna dela, eta deialdia egiten dugu prestatuko diren egitarauko hitzorduetara animatzeko herritarrak", esan zuen Leire San Vicentek, Eskoriatzako Elizateen Elkarteko bozeramaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak