Oporretan ere pedalei emateari ezin utzi

Imanol Beloki Unamuno 2022ko ots. 18a, 09:01

Iker Eskibel, Mikel Altuna, Lander Mediavilla, Ander Zubia eta Iñigo Viteri, Altea atzean dutela.

Altean izan dira oporretan bost lagun: Eskoriatzako lau eta Aretxabaletako bat. Txirrindulari afizionatuak dira, eta bertako portuak igotzeko aprobetxatu dute egonaldia. Gainera, txirrindulari profesionalen artean aritzeko aukera ere izan dute.

Iñigo Viteri, Ander Zubia, Iker Eskibel eta Lander Mediavilla eskoriatzarrak eta Mikel Altuna aretxabaletarra txirrindulari afizionatuak dira, baina pasioz bizi dute kirola. Horren erakusle da Alteara (Valentzia) oporretara joan zirela otsailaren 12an, astebeterako, eta, eguzkipean atseden hartzen aritu barik, bizikleta gainean kilometroak egin eta egin aritu direla, malda gogorreko portuak igotzeari utzi barik.

Entrenatzeko leku aproposa

"Eguraldi ederra egiten duenez, txirrindulari asko joaten da Alteara, leku aproposa baita entrenatzeko. Ez soilik gu bezalako afizionatuentzat, txirrindulari profesional asko aritzen da bertan. Hotel batean egon gara, zaletasun honen baitan presta-tuta dagoena, eta, egonaldiaz gozatzeaz gain, munduko txirrindulari onenen artean dauden Remco Evenepoel eta Mathieu van der Poel ikusi genituen, eta baita 18 urteko Juan Ayuso txirrindularia ere", adierazi du Ander Zubia eskoriatzarrak.

Coll de Rates-eko portuaren magalean ateratako erretratua.

Profesional artean

Coll de Rates, Vall d'Ebo, Puerto de Tudons, Sierra Helada, Bernia, Confrides, Benissa eta Carrasqueta portuak igo dituzte, eta horietako batean txirrindularitza talde profesional bat ezagutzeko tartea ere izan dute. "Portu bat igotzen geundela geldialdia egin genuen, eta entrenatzen ari ziren Herbehereetako Jumbo-Visma txirrindulari taldekoak gure alboan geratu ziren. Haiek ingelesez ari ziren; beraz, ez genuen berbarik egin, baina alboan genituela argazki batzuk atera eta bideo bat grabatzeko aprobetxatu genuen", adierazi du Zubiak.

Egonaldian, Jumbo-Visma taldeko txirrindulariekin egoteko aukera izan zuten

Erronka-zaleak

Astebeteko abentura honez gain, ez dira geldi egotekoak txirrindulari hauek. Erronkak gainditzea eta beraien arteko apustu sanoak egitea gustuko dute. Hain zuzen ere, boskote honetako zenbaitek Eskoriatzatik Covadongako aintziretara bizikletan egindako erronka gainditu zuten, 2020an. Horietako batek, Iker Eskibelek, zehazki, lagun duen Ekaitz Oñateren aurka ere Arlabango mendatean apustua egin zuen duela hiru urte. Aingeru Guardako biribilgunean hasita, Dorletako ama birjina dagoen lekuraino Eskibel hanka batekin pedalei ematen iritsi zen; Oñate aurkaria, berriz, bi hankekin pedalei ematen aritu zen. Ikus-kizun aparta eskaini zuten, eta, Eskibelek apustua galdu arren, erronka berriak ezartzeko gogoz dagoela adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak