"Oreka-Covadonga erronka gauzatu dugu, baina ondo sufrituta"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 17a, 08:00

Joan den zapatuan, hamar lagun irten ziren, goizaldeko seietan, Eskoriatzatik Asturiaserainoko bidea egitera. Asmoa Covadongako aintziretako portuaren hasierara iristea zen, baina, behin hara iritsita, parte-hartzaile guztiek igo zuten portu gogorra.

Joan den zapatuan irten ziren hamar lagun Eskoriatzatik Covadongako aintziretarako erronka egitera, bizikletan. Hordagoa bota, apustua egin, erronka bihurtu, animatu eta helburua bete dute egitasmoa burutzera animatu diren hamar txirrindulariek. Uste baino hobeto aritu dira, gainera; izan ere, guztiek lortu dute ibilbide osoa gauzatzea eta Covadongako aintziretako puntu goreneraino iristea.

Oreka-Lagos erronka izenpean, joan den zapatuan 06:00etan irten ziren Eskoriatzatik Asturaserainoko bidea egitera hamar lagun, eta hauekin batera hiru furgoneta joan ziren asistentzia eta laguntza ematera. Egitasmoa nola bururatu zitzaien adierazi dute parte-hartzaileek. "Apustu batetik sortu zen guztia", adierazi du Iker Ibabe txirrindulariak: "Kuadrillakoak gazteagoak zirenean aste batean egin zuten Eskoriatzatik Asturiaserainoko bidea bizikletan, eta nik egun batean egitea posible zela esan nien; hala hasi zen guztia. Iker Eskibelekin komentatu, eta egitea erabaki genuen. Hala, erronka moduan hartu genuen, eta taldetxoa batu ginen egiteko; Oreka bizikleta dendako jabeak eta mekanikariak dena antolatzen asko lagundu digute, eta beraiei eskertu beharrean ere bagaude… Gauzak horrela, esperientzia izugarria izan da. Beste bat egiteko prest gaude guztiok, duda barik".

Mokadutxoa hartzen.

Hamar lagunek helburua beteta

Hasiera batean, Covadongako aintziretako portu hasierara iristea zen helburua, baina, hara iritsita, goraino igotzen denak animatu zirela adierazi du Iker Eskibel Oreka-Lagos erronkako parte-hartzaileak: "Zapatuan 06:00etan irten ginen Eskoriatzatik eta 19:00 aldera Covadongako aintziretan geunden. Guztira, 315 kilometro inguru egingo genituen, baina aurreikusi baino samurragoa izan da; izan ere, giro ederrean joateak samurtu egiten du gogortasun hori. Hala, asistentzia eta laguntza ematen hiru lagun etorri dira furgonetekin, eta beraien laguntza ezinbestekoa izan da; atsedenaldietarako zein bertatik bueltatzeko. Denok iritsi ginen goraino, eta, erronka gauzatuta, gure artean taldetxoa osatu dugu. Hori horrela, datorren urtera begira ideia batzuk baditugu garatzekotan daudenak, baina egingo dugu irteeraren bat edo beste, seguru".

Iker Eskibel:

"Aurreikusi baino samurrago egin dugu. Izan ere, taldean joateak, hizketan eta entretenituta, gogortasun hori kendu edo ahantzarazten du".

Iker Ibabe: 

"Hasierako kilometroak egin zitzaizkidan gogorrenak. Dena den, egun-pasa ederra egin dugu, errepikatzeko modukoa izan dena".

 

Ander Zubia:

"Ez nuen uste amaituko nuenik. Hala ere, denok lortu dugu, eta esan beharra dago laguntzera etorri direnak gabe ezingo genuela erronka amaitu".

 

Gurpil zulaketak eta erorketa

Ander Zubia eskoriatzarrak, bestalde, adierazi du ez zuela pentsatzen, hasiera batean, erronka gauzatzeko gai izango zenik. Hala ere, egindakoarekin pozik agertu da: "Eskoriatzatik irten ginen, eta lehen geltokia Laredon egin genuen; bertatik Torrelavegara eta gero Unquerara, han indarrak hartu, eta Covadongako aintziren portu hasieraraino joan ginen. Berriz atsedenaldia egin eta portua igo genuen, guztiok batera".

Esperientzia izugarria izan dela adierazita, gurpilen zulaketak eta erorketa bat ere izan dituztela adierazi du Zubiak: "Zulatu batzuk izan genituen gurpiletan, eta 50 kilometroren faltan erorketa bat izan nuen. Hala ere, ez zen ezer larria izan, eta oso pozik gaude egindakoaz".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak