Erronka: Eskoriatzatik Covadongara bizikletan

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 10a, 09:39
Oreka taldeko zenbait lagun bizikletan. Argazkia: OREKA CYCLING SPACE

Zapatuan, hamar lagun aterako dira bizikletan Eskoriatzatik Asturiaserainoko bidea egitera. Asmoa bertara iristea izango da, eta indarrez dagoena Covadongako aintziretako portua igotzen saiatuko dela adierazi dute parte-hartzaileek.

Kirol apustu-zale ugari dago Eskoriatzan, eta baita burugogorrak ere. Hori horrela, batak besteari baietz eta besteak honi ezetz aritu ostean, erronka bat gauzatzea erabaki dute zapatu honetan. Eskoriatzatik bizikletan atera eta Asturiaseraino iristea; eta, hori gutxi balitz, bertara iristean, indarrekin dagoena Covadongako aintziretara igotzen saiatzea. Hala, guztira, 310 kilometroko bidea izango dute aurretik, eta, hiru geldiune eginda, guztiek goraino igotzea dute helburu.

Bi txirrindulariren arteko apustu bat aitzakia, hamar lagun batuko dira zapatuan, Eskoriatzatik Covadongako aintziretarainoko bidearen erronka bizikletan egiteko. 06:00etan irtengo dira, eta, erronka gauzatzen saiatuko direnekin batera, hiru lagun joango zaizkie autoz asistentzia eta laguntza eskaintzen, eta bueltarako garraio gisa.

'Oreka-Lagos' erronka

Iker Ibabek eta Iker Eskibelek Eskoriatzatik Covadongako aintziretara bizikletan iristea ezinezkoa zela izan zuten hizketaldi iaz, eta, Oreka Cycling Space bizikleta-dendako jabe Sergio Valenti lagunak animatuta, erronka gauzatzea erabaki dute. Hala, Oreka-Lagos izenpean bataiatu dute asteburuko hitzordua. Hori horrela, zortzi lagun hauek izango dira erronka egitera animatu direnak: Iker Eskibel, Iker Ibabe, Lander Mediavilla, Xabi Dorreak, Jon Urkia, Ion Ander Gereta, Sergio Valenti eta Ander Zubia –azken orduan, Andoni eta Asier Azkarate ere animatu dira–.

Hiru atsedenaldirekin

"Asmoa Asturiaseraino iristea da. Gero, indarrez dagoena animatuko da Covadongako aintziretako portua igotzen, baina ez dakit nola egongo garen. Gehienok Asturiasera iristen bagara nahikoa egingo dugu, eta, bestela, hurrengo egunean igoko dugu portua. Aurretik 310 kilometro izango ditugu, eta aplikazio bat erabilita antolatu dugu ibilbidea. Guztira, hiru atsedenaldi egitea da asmoa: lehenengoa, 130 kilometro inguru egin ostean, Laredon; bigarrena, 210 kilometro inguru egin ostean, Unqueran; eta hirugarrena, Covadongan, portua hasi aurretik", adierazi du Iker Eskibel txirrindulari eskoriatzarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak