Ia hiru hamarkada –27 urte– daramatza Iurre Romaretazabala eskoriatzarrak Chiapasko indigena eta atzerritarrei laguntza ematen. Iaz ezin izan zen hara joan, eta aurten berriz haiekin elkartzea oso polita izan dela adierazi du: "Aurtengo egonaldia zoragarria izaten ari da. Gainera, hemen ez dago COVID-19aren beldur paranoiko hori, eta dagoen bizi-poza izugarria da. Urte hauetan guztietan emandako laguntzarekin proiektu asko aurrera atera ahal izan dituzte, eta Eskoriatzako herria oso presente dute beraien bizitzetan. Behin eta berriz hori adierazten didate, eta beraien maitasuna herriari transmititzeko eskatu. Aurten eskaini ahal izan diegun laguntza ere bada aurrerapauso bat. Beraien egunerokoan, gutxi eman dezakeen arren, asko delako. Beti esaten dudan moduan, beste mundu bat egitea posible da, eta lan horretan guztiok lagundu ahal badugu, askoz hobeto", adierazi du Iurre Romaretazabalak Chiapastik.
Beharrezko materiala
Chiapasko herrialde indigenen bizimodua hobetzeko, beharrezkoak dituzten zenbait gauza eraman dizkie aurten ere Romaretazabalak, eta haiei laguntzeko batutako diruarekin proiektu asko aurrera eramateko bidea zabaltzen zaie. "Aurten, kableak, fokuak, eguzki plakak eta aluminiozko xaflak erosi ahal izan dituzte oilategi kolektibo bat egiteko. Horretan ari dira, besteak beste, eta proiektuarekin ilusionatuta daude. Horrekin batera, haurren zoriontasuna ere ezinbestekoa da, eta baloiak, koadernoak, gozokiak... banatu ditugu tonbola eran, piñatak eginez...".
Herriko merkatariak, presente
Irudian bi neskatila agertzen dira Ixkur ile-apaindegiko poltsarekin. Eider Kortazarrek pozik jaso du handik bidali dioten erretratua. "Zenbait gauza batzen ditut urtero ile-apaindegian, eta jakinaren gainean nago beste norbanako, elkarte eta eragile batzuek ere batzen dituztela Iurrek Chiapasera eraman ditzan; nik, ilerako gomak, diademak... ".
Esker mezuak
Eskoriatzako herriari eta Esko-Zap elkarteari, bereziki, eskerrak emateko ere eskatu diotela dio Romaretazabalak, eta gutunak idatzi dituztela adierazi du.