Ardien erditzean sai sarraskijaleen erasoak

Imanol Beloki Unamuno 2022ko urt. 21a, 10:58
Joan den asteburuan Mazmela elizatean saiek erasotutako artaldea; ardi bat eta bi bildots akabatu zituzten.

Ez da ezohikoa hildako animaliak jatea saiek, bailarako larreetan ganadua, ardiak eta abar daudelako, baina bizirik dauden animaliei ere eraso egiten diete. Hori gertatu zen joan den asteburuan Mazmela elizatean, eta ez da lehenengo aldia.

Saiak edo putreak hildako aberez elikatzen diren hegaztiak direla jakinekoa da, baina izaten dira bestelako kasuak. Horren adibide da joan den asteburuan gertatutakoa. Egubakoitzean, hilaren 14an, Eskoriatzako Mazmela elizateko zelai batean ardi bat erditzen ari zela erasotu eta hil egin zuten saiek, jaiotzen ari zen bildotsarekin batera, eta, handik bi egunera, domekan, urtarrilaren 16an, berriz, beste ardi bat, modu berean, erditzen ari zela, jaioberri zegoen bildotsa hil zuten, nahiz-eta bizilagun batzuek saiak uxatu eta ardia ez zuten akabatu.

Ez da lehenengo aldia sarraskijaleek animalia bizidun bati eraso egiten dietena, baina, kasu honetan, duela bi urte ere jasan zuen artalde berak saien erasoa. Hori horrela, "zer gertatzen da halako kasuetan? Nor egiten da artaldeak sufritu duen erasoaren kargu? Kalte-ordainak badaude? Nola jokatu behar du artzainak halako kasuen aurrean? Erreklamatzeak balio du ezertarako?...". Honako galdera hauek atera ditu mahai gainera Josu Zurutuzak, Eskoriatzako Mazmela elizateko 60 ardi-buruen jabeak, joan den asteburuan bere artaldeak kalteak jaso zituen herritarrak.

Erasoak, eguerdi partean

Hiru egunean bi eraso jasan ditu Josu Zurutuza eskoriatzarraren artaldeak, eta, horregatik, egunotan ez die begirik kentzen ardiei. "Artaldeak izan zuen bigarren erasoaldian, bizilagun batzuek uxatu zituzten erasoan ari ziren saiak, eta eskerrak horri; bestela, ardi bat gehiago galduko nukeen, agian. Eman nuen gertatutakoaren berri, eta txosten bat egingo zutela erantzun zidaten. Lanketa hori egiteko aste honetan artaldea dagoen ingurura joango zirela esan zidaten. Beste lan batzuk tarteko ezin izan nintzen bertan egon... Seguru pasako zirela erasoa gertatu zen gunea aztertzera, baina gutxi dago ikusteko bertan. Horrekin batera, azpimarratzekoa da, beste zenbait kasutan ere hala gertatu delako, 11:00etatik 14:00ak bitarteko ordua izaten dela erasoak izaten diren ordua sarritan; eguerdi partean, batez ere. Beraz, egun hauetan, ordu tarte horretan artalde in-gurura joan behar izaten dut, zerbait gertatuko ote den beldurrez... ", adierazi du Josu Zurutuzak.

Gertatutakoa, jasota

Halako erasoak gertatzen direnean, aztertu egiten dituzte kasuak basozainek, Zurutuzak adierazi moduan. Artaldearen jabeak kontatutakoarekin eta erasoa gertatu den eremuan ikusten dutena jasotzen dutenarekin txosten bat bidaltzen dute Donostiara, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapeneko Departamentura, basa-faunaz eta basa-floraz arduratzen den zerbitzura. Hala, Zurutuzak bertatik erantzun bat jaso nahiko lukeela adierazi du, halako kasuak areagotuz gero kalteak ere areagotzen direlako, eta, normalean, kaltetua beti artzaina izaten dela argudiatuz.

Hiru egunetan bi eraso jaso ditu Josu Zurutuza eskoriatzarraren artaldeak

Karena gustuko

Saiek hildako animaliak jaten dituzte, normalean, baina animaliaren bat gaixorik, errenka edo gaizki ikusten badute, izan liteke horiei ere eraso egitea. Horrekin batera, ardia izan edo beste animaliaren bat, erditzen badago, saiek eraso egitea arruntagoa da; izan ere, jakinekoa da saiek karena (plazenta) gustuko izaten dutela, eta hori jatera joaten dira. Bide horretan kalte handiagoak eragin ditzakete.

Norberak konpontzea, garesti

Artalde bateko jabe den artzainak halako kasu baten aurrean bere esku hartzen badu arazoa, eta sai bat hiltzea okurritzen bazaio, sai bakoitza hiltzeagatik 9.000 euroko isuna jaso dezake, baina Zurutuzak argi du hori ez dela irtenbidea: "Nire ardiak salbatzearren ez nintzateke halako isun bat jasotzera arriskatuko, ez dute hainbeste balio... Hala ere, arazo bat dugu ardi-jabeok, eta inguruetan gertatu diren kasuak zenbatzea, egoera aztertzea, eta zerbait planteatzea ondo legoke", adierazi du Zurutuzak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak