Zuhaitz Egunean, arteak landatuko dituzte

Imanol Beloki Unamuno 2022ko urt. 20a, 12:57
Iaz, Ibarraundi museo alboan egin zen zuhaitz landaketan.

Domekarako Ibarraundi museoan hitzordua eginda, 12:00etarako, Santa Marina plazako berdegunean landatuko dituzte zuhaitzak. Iaz, 21 haur jaio ziren, eta beraien familiek izango dute bizitza irudikatzen duten zuhaitzak landatzeko ardura.

Zuhaitzek gizakiak bizitzeko behar duen oxigenoa ematen dute. Xurgatu egiten dituzte kaltegarri diren karbono oxidoa eta atmosferan dauden hauts eta beste partikula asko. Izan ere, atmosfera garbitzeko lan egiten dute, baita hotza eta beroa baretzeko ere. Eta euri zaparradak egitean, zorua defendatzen dute, erosioa gutxituz. Hegaztien, txorien eta hainbat izaki bizidunen egoitza ere badira; izan ere, eguzki gogorraren aurrean gerizpea ematen dute, eta baita fruituak ere. Azken finean, bizia ematen dute. Hori horrela, Eskoriatzan Zuhaitz Eguna egingo da domekan, bizia irudikatzeko.

Arteak landatuko dituzte

Normalean, aurreko urtean jaiotako haur beste landare landatzen dituzte. Iaz, horrela egin zuten, baina aurten, zazpi zuhaitz bakarrik landatuko dituzte, hitzordura batzen diren guztien artean. "Santa Maria plazako berdegunean egingo dugu landaketa. 21 haur jaio ziren iaz eta horien guraso guztiei egin diegu gonbidapena. Hala ere, haur bakoitzeko zuhaitz bat barik, zazpi landatuko ditugu –arteak–. Bertan dagoen lurra ez da hain ona, baina zuhaitz mota honek indarra hartuko duelakoan gaude, eremua ere eguzkitsua baita...", adierazi du landaketa egunean gurasoak gidatzen eta laguntzen arituko den Saioa Altzuak, Ibarraundi museoko langileak.

Landaketa Santa Marinan

2021ean jaiotako haurrak omentzeko Zuhaitz Egunerako hitzordua 12:00etan egin dute Ibarraundi museoan, eta bertatik abia-tuko dira material guztia hartuta Santa Marina plazara. Iaz, gorostia izan zen landatutako landarea; Ibarraundi museo alboan eta Eduardo Gorosarri kalean landatu zuten. Landare horiek indarra hartu dute, eta bizirik daude. Aurtengo helburua ere bera izango da; hau da, landatzen dena ongi egokitzea, eta indarra hartzea.

Hildakoak gogoratzeko, gereziondoa

Jaiotzez gain, hildakoak gogoratzeko ere landaketa berezi bat egingo da aurten Eskoriatzan. Izan ere, hilaren 28an, Porrotx eta Marimototsen azken ikuskizuna izango da kiroldegian, eta antzezlanak dolua eta heriotza lantzea ditu helburu. Hori horrela, ikuskizunean, herriko eragile bati zuhaitz bat oparituko diote, eta hura landatzeko ardura eman.

Tortolis ludotekak jasoko du zuhaitza, gereziondo bat izango dena, eta bertako erabiltzaileek familiekin batera egingo dute landatzea. Otsailaren 6an, 12:00etan, frontoiaren kanpoaldeko berdegunean landatuko dute, eta ekitaldi bat ere prestatuko da, landatzearekin batera joandakoei omenalditxoa egiteko.

Horren aurretik, baina, astean zehar zenbait ekimen jarri ditu martxan ludotekak. Batetik, otsailaren 1ean eta 2an, gereziondoa apaintzeko harriak margotuko dituzte, bi txandatan: 16:45etik 18:00etara txanda bat eta 18:00etatik 19:15era bigarren txanda. Bestetik, otsailaren 3an, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunerako dantza eta abestia ikasiko dute, 16:45etik 18:00etara txanda bat eta 18:00etatik 19:15era bigarren txanda bat izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak