Makulua eskuan eta txapel handia buruan zuela ezagutu zuten askok Marixol Iparragirre euskal presoaren aita. Euskal Herriari lotuta eman zuen bizitza, eta Ipar Euskal Herrian ere bizi izan zen, 22 urtez, errefuxiatu, 2003an Eskoriatzara bueltatu zen arte. Militante eta iheslari ohiaren gertukoek dio-te hitz gutxiko jakinduria zue-la, eta ezaguna da baita ere Leintzen, bertso-eskolaren sortzaileetako bat izateagatik, Patxi Goikolearekin eta Joanito Akizurekin batera.
Almen ikastolako bertso eskola aitzindariak eman zituen hainbat bertsolariren –Jon Sarasua, Arantzazu Loidi...– lehen bertso irakaslea izan zen. 1980ko hamarkadan indartu zen bertso-eskolen mugimenduaren eredu izan zen. Haren ikasle izan ziren, era berean, Jon Iñaki Izarzelaia, Danel Goikolea, Felix Iñurrategi, Saioa Arando, Ainhoa Agirreazaldegi... Iparraldean ere aritu zen bertso irakasle.
Azken agur hunkigarria
Aurreskua, Danel Goikolea, Jon Sarasua eta Andoni Egaña bertsolarien bertsoak, Mikel Albisu Antza-ren hitzak –Marixol Iparragirreren bikotekidea–, eta, megafoniatik, Marixolek kartzelatik idatzitako eta aitaren heriotzak atzerrian harrapatu duen Larraitz Iparragirre Xantiren alaba gazteenaren agur-hitzak ere izan ziren entzungai. Honela zioen Marixolek: "Txori hegaldi labur batera geundela esan zenidan Zaballara hurbildu nindutenean. Zu ezin hegaldatu eta ni eraman ninduten, katez zamatuta. Gaur ez dira nire bila etorri. Ohi bezala, maite ditugunei azken agurra ematera bildutakoen artean egoteko aukera ebatsi digute. Horma hauetatik haratago naturan, bila nabil, zure seinale baten bila. Zure presentzia gauzatuko duen zuhaitz, harkaitz edo forma baten bila. Badakit hor zaudela. Sendo, lasai eta duin, eta txapela buruan".
Larraitzen agur-mezuaren amaierak, berriz, honako hau zioen: "Geografian urrun, baina gertu ezagutu zintudan eta berdin agurtu zaitut".
"Eskerrik asko, Xanti"
Horrekin batera, ekitaldiko berbez gain, Iparragirre-Guenetxea sendiaren bizi-lagun eta Eskoriatzako alkate ohi Pedro Lasagabasterrek gutun bat ere idatzi du, Xanti Iparragirre oroituz. Honakoa dio:
Iparraldeko haizeak aspaldi ekarri zauen Xanti gure auzora. Bertan berehalaxe errotu zan, haretx gogorrenak errotzen dien moruen. Niretzat iparraldeko zuhaitz haundi bat morukua zan Xanti, luzia ta zabala, bere txapel ahaztezinarekin.
Segiruan askoren maixu bihurtu zan bere poesiaren indarrarekin. Bere isilune luze eta sakonekin. Ereduaren bitartez zekixen dana erakutsiz. Umiltasunez beti.
Gero, askatasun haizeak iparralderuntz eruen zauen berriro. Eta han be eskola sortu zauen, milaka zaurien gainetik.
Beti euskal kulturaren alde.
Eta, azkenian, haretx zaharra hemengo basoetara bueltatu zan, jakindurixaz beteta.
Inoiz ez dot ahaztuko garai horretan bere onduan egindako bidaia luzia, berriz iparralderuntz, alabaren defentsan. Ordurako bizkarra apurtuta izan arren, trenaren eserleku eskasean jarri eta han egon zan, geldi gau osuan, filosofo estoikoen erara, isilik eta pentsakor.
Inoiz izan den matematikari onenak esaten zauen gure lorpen handixenak ez datozela gure merezimendutik : aurretik beste batzuek egindako lanari esker egiten diela. Erraldoien sorbaldan goiezelako lortzen dugula lortzen duguna.
Sekula ez genuke ahaztu behar Euskal Kultura oraindik bizirik badago Xanti Iparragirre Perurena moduko pertsonei esker dala. Euren bizkar gainean majo ibili garelako.
Hegoaldeko neguko haixiak orbelaren dantza infinituan eruen dau Xanti. Baso zaharretan ama haritzekin gertatzen dan moruen, ezkur eta kimu ugari utziz hil jaku.
Eskerrik asko, Xanti. Erraldoia izan zara.