Errentariko Añarbe baserrian jaio zen. 1958an ezkondu eta Eskoriatzara joan zen bizitzera. Kooperatibetan aritu zen lanean. Urte luzez, Ipar Euskal Herrian bizi izan zen, 22 urtez, hain justu ere, errefuxiatu gisa. Marixol Iparragirre presoaren aita zen.
Almen ikastolako bertso eskola aitzindariak eman zituen hainbat bertsolariren –Jon Sarasua, Arantzazu Loidi…– lehen bertso irakasle izan zen. 1980ko hamarkadan indartu zen bertso-eskolen mugimenduaren eredu izan zen Iparragirrek-eta sortu zuten Almeneko esperientzia. Haren ikasle izan ziren, era berean, Jon Iñaki Izarzelaia, Danel Goikolea, Felix Iñurrategi, Saioa Arando, Ainhoa Agirreazaldegi... Iparraldean ere aritu zen bertso irakasle moduan.
Eskoriatzako Sorturen mezua
"Errepresaliatua, militante apal bezain nekaezina, ekarpen handia egin dio Euskal Herriari. Doluminik bihotzekoenak haren senide, lagun eta burkideei" adierazi du Eskoriatzako Sortuk.