Eskoriatza Lagunkoia taldean Olazar Erretiratuen Elkarteko hogei lagun inguru daude 2016a ezkero, herriaren egoera lantzen eta aztertzen, eguneroko bizitzan dituzten arazoak zerrendatzen eta horientzako irtenbideak pro-posatzen, Eskoriatzako alderdi positiboak zein negatiboak identifikatzen. Hori horrela, bi urte eta erdiko lanaren diagnosi txostena Eskoriatzako udal ordezkariei aurkeztu, eta herritarren artean ere aurkeztu zuten egindakoa. Pandemiaren eraginez, baina, beraien jarduera denbora batez uztea erabaki zuten, eta ia bi urtez geldi egon ondoren eginkizunak berrartu dituzte.
Orain artekoari segida
"Eskoriatza Lagunkoia taldean ekarpenak egiten ditugu eskoriatzarraren bizi-kalitatea hobetzen saiatzeko. Hala, diagnosi fasea egin genuen lehenbizi, eta, horretarako, herri osoan zortzi arlo aztertu genituen: aire zabaleko espazioak eta eraikinak; garraioa; etxebizitza; parte-hartzea eta gizarte sarea; herritarren parte-hartzea eta enplegua; errespetua eta inklusioa; komunikazioa eta informazioa; eta gizarte eta osasun zerbitzuak. Horiek aztertzeko, hamabost egunean behin batzen ginen, eta, ekarpen guztiak batu ostean, egindako lana aurkeztu genuen. Ondoren, diagnosia osatzeko inkestak egin genizkien zenbait herritarri, eta gure ekimenari jarraipena eman behar genionean gelditzea erabaki genuen", adierazi du Eskoriatza Lagunkoia taldeko kide Jose Mari Kortazarrek.
Horren harira, taldeak prestatutako zenbait proiektu aurrera eraman zituela Eskoriatzako Udalak eta horrekin "pozik" daudela adierazi du Kortazarrek; gaineratu du idatzi bat bidaliko dietela udal ordezkariei euren jardueraren berrartzearen berri emateko: "Egin genuen diagnosikoaren zenbait proiektu gauzatu zituzten, eta, hori begi onez ikusten dugun arren, egiteko geratu ziren beste hainbat; beraz, udal ordezkariei adierazi nahi diegu hemen gaudela, eta lanari berrekingo diogula...".
Taldea handitzeko asmoz
"Eskoriatza Lagunkoia taldea sortu zenetik pertsona berak aritu gara lanean, baina kide berriak nahi ditugu ekarpen eta proposamen berriak jasotzeko. Hori horrela, interesa duen herritar oro batu daiteke taldera, eta, hain zuzen ere, egiten dugunaren gaineko edozein informazio edo argibide gura dituenak 688 87 69 07 telefono zenbakira deitu dezake"