Hainbat ile-apaindegitan lan egin ostean, Eskoriatzara bueltatu eta bertan jarri zuen negozioa Itziar Oiarzabalek: Kimu ile-apaindegia. Herrikoak betidanik ezagutzen ditu, eta gertukoak bezero izatea garrantzitsua iruditzen zaio. Topikoetatik aldenduz, ez du bere burua fantasiazko orrazkera eta kolore deigarriekin ikusten, eta argi du ile-apaindegia ez dela txutxu-mutxuen lekua; ez, behintzat, berea.
Nola erabaki zenuen arlo honetan lan egin nahi zenuela? Zerk bultzatuta eman zenuen pausoa?
Txikitatik gustatu izan zait ile apaindegiko lana, beti nenbilen jendeari ilea ukitzen. Ikasketak egin eta sei urtez lanean egon ostean, orain dela lau urte erabaki nuen negozioa zabaltzea.
Eta herrira bueltatzea, bide batez... Garrantzitsua zen zuretzat Eskoriatzan egotea?
Azkeneko urteetan Zarautzen ibili nintzen lanean, baina han ile apaindegi asko daude, eta ez nuen han zabaldu nahi; eta hemen, gainera, Eskoriatzan, betidanik ezagutzen ditut denak, edo, bestela, nire gurasoak ezagutzen dituzte. Hori oso garrantzitsua iruditzen zait.
Lanen bat egin eta esan dizu bezeroren batek ez zaiola gustatu? Edo, normalean, isildu egiten gara?
Normalean, ez dituzte halakoak esaten; nahiz eta egindako lanarekin pozik ez irten, isilik geratzen dira. Inoiz, baina, gertatu izan zait bezeroari egindakoa ez gustatzea eta esatea. Asko eskertzen dugu hori. Guretzat ere ikasteko modua da.
Zer da zure lanbideak duen onena? Eta txarrena?
Jendeak egindako lana asko eskertzen dizu, eta, nire iritziz, hori da onena. Baina okerrena ere bada: kritikaren bat badago edo dena delakoa, denok ezagutzen dugu elkar, eta, halakoetan, aurpegia eman behar da.
Zu zeu zure ile-apaindegian bezero bazina, zer tratamendu edo zerbitzu jaso nahiko zenuke?
Zelako galdera zaila... Egia esanda, ez dakit zer esan. Denetik egiten dugu, bezeroak nahi duenaren arabera.
Ile-apaintzaileak, askotan, look ausartekin ikusten ditugu... Zuen kasua da hori?
Bai, ohikoa izaten da, baina ez da gure kasua. Ez dut neure burua fantasiazko halako orraz-kerekin irudikatzen, klasikoagoak gara.
Nondik etortzen zaizkizue bezeroak?
Ba, gehienak eskoriatzarrak diren arren, Aretxabaleta, Arrasate eta Bergaratik ere etortzen dira. Eta Zarauztik etortzen denik ere bada. Eta motari dagokionez ere, denetik: astero etorri ohi diren emakume adinduak, haurrak...