Hamabost urte lozorroan egonda, bueltan da Klineks musika taldea

Imanol Beloki Unamuno 2021ko aza. 19a, 09:53

Asier Hernandez, Jon Regaño, Ibai Gorosarri eta Liher Armendariz, Klineks musika taldeko kideak.

2006an egin zuten azken kontzertua, eta, bizitzaren gorabeherak tarteko, entseatzeko zailtasunak izan dituzte urte hauetan, baina, gogoa dutenez, berriz hasi dira elkartzen, eta kontzertua emango dute azaroaren 27an Bergarako gaztetxean.

Ibai Gorosarri –gitarra-jolea–, Jon Regaño Zeke –abeslaria eta gitarra-jolea–, Asier Hernandez Ax –bateria– eta Liher Armendariz Baresi –baxu-jolea– lauko-teak osatzen dute Klineks musika taldea. 1998. urtean sortu arren, 2000. urtean eskaini zuten lehenengo emanaldia, eta punk-rock estiloko kantuak eskaintzen sei urtez aritu ziren oholtza gainetan.

Taldea desegin arren, hasierako ilusioa eta musika eskaintzeko gogoa beti izan dute presente, eta errautsetatik berpiztea erabaki dute. Duela urtebete hasi ziren serio eta erregularki entseatzen, kantuak gogorarazten eta bertsioak prestatzen, eta, Bergarako gaztetxeko arduradunekin hitz eginda, kontzertua emango dute azaroaren 27an kartzela zaharrean.

Eurek sortutako hamar abesti inguru dituzte prestatuta, bertsioez gain

Izen bitxia, istorio gabekoa

"Izorratu izenpean batailatu genuen taldea, bat jartzearren, baina lehenengo emanaldia eskaintzeko Klineks bezala igo ginen eszenatokira", dio taldekide Jon Regañok, eta, taldearen izena nondik datorren galdetuta, berriz, istoriorik gabekoa dela dio. "Garai hartan, ingelesezko taldeen izenak jartzen zituzten musikari askok, edo, bestela izen lerdo edo makarra bat. Beraz, bi ezaugarri horiek nahastuz, Klineks jartzea erabaki genuen, eta hala geratu zen".

Eskoriatzako Klineks musika taldeak egindako lehenengo kontzertuko irudi bat, 2000. urtean. XXl, Kañeria 13, Ofset, Nekez eta Klineks taldeen kontzertuak zeuden prestatuta, baina, azkenean, hiru talderen emanaldiak bakarrik izan ziren.

2006an, Gazte Egunean, Lokaletako hotsak izeneko diskoa aurkeztu zuten, herriko hiru musika taldek elkarlanean egindakoa: Klineks, Arianrod eta Lukas Prest taldeek. Diskoa aurkezteko, kontzertuak eman zituzten Fernando Eskoriatza plazan.

Punk-rock melodikoa, euskaraz

Klineksek lau kantu batzen dituen diskoa atera zuen Arrasateko Shot! estudioan, eta bertatik 1.000 kopia egin zituzten, tabernetan, gaztetxeetan eta bestelako establezimenduetan salgai jartzeko. Ordutik, kantu gehiago ere atera dituzte, eta beste disko bat grabatzeko asmoa ez dute baztertzen. "Eskoriatzako Udalak disko bat grabatzeko aukera eman zigun, eta hiru edo lau kantu aukeratu behar genituen. Gure abestiak iraupen motzekoak zirenez, lau kantu grabatu genituen. Garai hartan jotzen genituen kantu haiekin batera, eta atera ditugun berriekin, hamar kantu inguru izango ditugu, bertsioez gain. Estiloari dagokionez, punk-rock melodikoa da egiten duguna, euskaraz abes-ten dugu, nahiz eta ingelesezko kanta bat ere badugun. Bergarako gaztetxeko kontzertuan, berriz, gure kantuez gain, bertsioak ere eskainiko ditugu: Rancid, NOFX, XXL... taldeenak. Beti izan ditugu bertsio asko entseatuta, eta egunean bertan erabakiko dugu zeintzuk joko ditugun".

Irratian oihartzuna

Makina bat istorio dute oroimenean gordeta; kontatu ezin diren horietakoak gehienak. Hala ere, Regañok gogoan du bitxikeria lauso bat: "Kontzertuak egiteari utzi genionean, Gaztezulo aldizkarian irakurri genuen Ipar Euskal Herriko irrati baten kantu-zerrenda sailkapenean bigarren postuan egon ginela Itxurakeria kantuarekin. Taldekideok ez dugu gogoratzen zein irratitan zen, baina gure lorpen handiena izan zela esan dezakegu; kar, kar, kar".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak