COVID-19aren pandemiaren ondorioz ezarritako alarma-egoeraren aurrean, Eskoriatzako Udalak osoko bilkurak eta batzordeak modu telematikoan egiteko neurria hartu zuen, apirilaren 2an, eta 2020ko irailaren 23an udaletxeko osoko bilkura aretora bueltatu arren, gaur arte modu telematikoan egin dituzte osoko bilkurak.
Neurriak arinduta, urriko ez ohiko osoko bilkura telematikoan barik, era fisikoan egitea adostu zuten udalbatzako kideek, baina, udaletxeko osoko bilkura aretoan egin beharrean, kultura etxeko lehenengo solairuan egin zuten atzoko ezohiko bilkura udalbatzako kideek, udaletxean obrak egiten ari direlako.
Zerga eta tasei eutsiz
Eskoriatzako Udalak ematen dituen zerbitzuen kalitatea bermatzeko eta posibleak egiteko gastu eta diru-sarrera artean oreka bat mantentzea ezinbestekoa dela argudiatuta, zerga eta tasak ahal den neurrian eustea proposatu zuten atzo, 2022 urterako Ordenantza Fiskalen aldaketa onartzerakoan.
"Krisitik irten berri eta aurrera begira zer datorkigun ikusita; argiteria prezioa eta seguruenik, Neguan, gasaren prezioa… planteatzen dugu zergak ez igotzea salbuespen txiki bat izan ezik. Tasak, berriz, Eskoriatzako Udalak ematen dituen zerbitzuak ordaintzeko, KPIren %50a igoko dugu; 1,75. KPI %3,3 igotzen ari da une honetan, eta planteatzen dugu bere erdia igotzea. Hala ere, salbuespen batzuk ere badaude: Esaterako, Teleskoko zerbitzua ez dugu igoko, eta kiroldegiko tasa, %50a igo beharrean, %75 igoko da (Hau da, igoera %2,48koa izango da). Azken honi dagokionez, oinarrizko zerbitzua ez bada ere, garrantzitsua da, eta zerbitzu hori beti defizitarioa izanda udaletxean, pixka bat gehiago igotzea pentsatu dugu. Guztira, oso eragin gutxi izango du herritarrengan, igoera txikia baita" adierazi zuen Josu Ezkurdia, EAJko bozeramaileak.
Energiaren autokontsumoaren aldeko lerroa indartu izana nabarmenduz
EH Bilduko zinegotzi Dorleta Sologaiztoak, honakoa adierazi gura zuen oposizioaren partetik: "Ordenantza fiskalean trantsizio energetikoaren aldeko autua indarra hartzen dabilenaren zantzuak ikusi ditugu. Bereziki nabarmendu nahi genuke energiaren autokontsumoaren aldeko lerroa indartu izana. Autokontsumoaren aldeko apustua egiten duten herritarren IBIan egiten zaien %50 deskontua 5 urtetik 10ra pasatzeak, aldaketa xumea dirudien harren, herritarrak aukera honen aldeko apustu gehiago egitera animatuko ditugunaren esperantza daukagu. Azkenik gure ekarpen hau kontutan hartu izana eskertu nahi genuke".