Ikastaroak eta tailerrak izango dira nagusi Eskoriatzako Mugikortasun Astean

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urr. 14a, 09:58

Duela bi urte, ikastaro batean; patineteak nola eta non erabili.

Herritarrek garraio osasungarriagoak erabili ditzaten kontzientziatzeko, Mugikortasun Astea izango da Eskoriatzan. Auto eolikoa egiteko eta bizikletak konpontzeko tailerrak eta patinen eta skate gainean aritzeko ikastaroak izango dira, besteak beste.

Mugikortasun Astea urriaren 18tik 22ra bitartean ospatuko da, baina, motorrak berotzen joateko, domeka honetan egongo da lehenengo hitzordua: auto eolikoa egiteko tailerra. 17:30etik 19:00etara bitartean, Ibarraundi museoan, 4 urte eta 8 urte arteko haurrei zuzendutako eskulan tailerra izango da, eta haur bakoitzak guraso batekin lagunduta joan beharko du. Haurrek egindako lana, gainera, etxera eraman ahalko dutela aurreratu dute Eskoriatzako Udaleko ordezkariek.

Egitaraua:

Urriak 18, astelehena: Bizikleta konponketa tailerra. 18:30ean, Oreka bizikleta denda aurrean. Doakoa da, dena den, izena eman beharko da kiroldegian. 943715328 telefonoan.

Urriak 19 eta 21, astearte eta osteguna: Patinaje ikastaroa. 17:30etatik 18:30etara, 5 eta 7 urte bitarteko haurrak eta 18:30etatik-19:30etara 8-10 urte bitarteko haurrak. Izena ematea kiroldegian (3€).  Informazio gehiago eta izena ematea kiroldegian (943 715328). Ikastaroa Luis Ezeizako kantxan izango da.

Urriak 20 asteazkena: Skate ikastaroa. 8-14 urte bitarteko haurrei zuzendutako ikastaroa da. Skate Parkean eskainiko da, urriaren 20an, arratsaldeko 17:00tik 18:30etara. Ikastaroan parte hartu nahi dutenek kiroldegian eman behar dute izena ( 943 715328).

Urriak 22: Bigarren eskuko bizikleta azoka.

Orekakoek lagunduta

Astelehenean, 18:30etik aurrera, Oreka bizikleta dendakoen eskutik bizikletak konpontzeko tailerra izango da 12 urtetik gorako edonorentzat. Saioa bizikleta dendan bertan eskainiko da, eta oinarrizko konponketa lanak egiten ikasteko baliagarria izango dela adierazi dute bertan beharra dutenei laguntzen arituko direnek. Besteak beste, gurpileko zulatu bat nola konpontzen den irakatsiko dute, balaztak aldatzen, katea irtenez gero nola jarri eta behar bezala mantentzen... Parte hartu nahi duenak ez du bizikleta eraman beharrik izango.

Patinetan aritzeko ikastaroa

Urriaren 19an, martitzena, eta 21ean, eguena, berriz, patinen gainean aritzeko ikastaroa izango da. Luis Ezeiza Herri Eskola pareko kantxan izango da saioa, eta adinaren arabera antolatutako bi talde egongo dira: bata 17:30ean izango da, 5 eta 7 urte bitartekoentzat; eta bestea 18:30ean, 8 eta 10 urte bitartekoentzat. Bakoitzak bere materiala eraman beharko du, eta hiru euro ordaindu beharko ditu parte hartu nahi duenak. Euria egiten badu, Olaetako frontoian izango da. Mugikortasun Asteko egitarauarekin jarraituz, skate gainean aritzeko ikastaroa egingo da urriaren 20an, skate parke gunean, tren estazio zaharrean. 17:30ean hasiko da, eta 8 eta 14 urte bitarteko haurrentzat zuzendutako saioa izango da.

Bigarren eskuko azoka

Programazioari amaiera emateko, berriz, urriaren 22an, bigarren eskuko bizikleta azoka izango da, Manuel Muñoz kiroldegian. Astean zehar herritarrek eramandako materiala salerosiko da bertan.

Bigarren eskuko patinak, patineteak, bizikletak eta kaskoak saltzeko eta erosteko azoka antolatu da. Kiroldegian batuko dira astean zehar saldu nahi dituzten gauzak eta ostiralean azokan salduko dira. Jabeen ardura izango da materialari prezioa jartzea eta ostiralean azoka amaitu baino 10 minutu lehenago azokara hurbiltzeko eskaera egin dute antolatzaileek, materiala saldu ez bada etxera berriro ere eramateko eta saldu bada dirua jasotzeko.

Hona hemen materiala jasotzeko egunak eta ordutegia:

Urriak 18: 17:00-20:00 kiroldegian
Urriak 19: 11:00-13:00 eta 17:00-20:00 kiroldegian
Urriak 20: 17:00-20:00 kiroldegian
Urriak 21: 11:00-13:00 eta 17:00-20:00 kiroldegian

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak