Swingtronics, Broken Brothers Brass Band, Idoia Asurmendi, The Allnighters, Wood Strings eta Moonshine Wagon musika taldeen kontzertuak izango dira asteburuan, Errekan Gora jaialdiaren barruan. Hala ere, zenbait aldaketaren berri eman dute, eta baita gomendioak ere.
Edukiera mugatuko saioak
"Gernika plazako emanaldiak Fernando Eskoriatza plazara mugituko ditugu, bi arrazoigatik: batetik, edukiera handitzeko; eta, bestetik, eszenatokia estalita izango dugulako bertan. Hori horrela, egitarauko kontzertu guztiak plazan izango dira, hauek izan ezik: Idoia Asurmendiren emanaldia Santa Lutzian, Lete auzoan; eta Broken Brothers Brass Band herriko kaleetan zehar arituko da, hasieratik aurreikusi moduan. Emanaldi bakoitzeko edukiera 150 lagunentzat muntatuta egongo da, eta emanaldien eremura sartzeko hamabost minutu lehenago irekiko dira ateak. Asurmendiren emanaldira joateko, bestalde, autoan ez igotzea eskatu nahi dugu".