Kultura lehortearen ostean, Errekan Gora musika jaialdia oasi

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ira. 12a, 10:06

Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatutako Errekan Gora jaialdia irailean egingo da hamahirugarren edizio honetan. Uztaileko asteburuetan banatuta egin beharrean, iraileko aste bukaera bakarrera mugatu dute jaialdia, eta "aurreikuspenak onak dira".

Atxorrotx Kultura Elkarteak Eskoriatzako Udalaren babesarekin, eta beste hainbat laguntzailerekin batera antolatutako Errekan Gora kultura jaialdiaren hamahirugarren edizioa izango da iraileko hirugarren asteburuan, irailaren 17ko, 18ko eta 19ko asteburuan. Musika eta ikuskizuna batzen duen jaialdia berezitasunekin etorriko da, beste behin. Izan ere, jaialdia uztaileko asteburuetan antolatu izan da beste edizio batzuetan, baina aurten, iraileko aste bukaera bakarrera mugatu dute, herrigunetik atera eta txoko berezi bat aprobetxatuko dute emanaldi bat eskaintzeko… edizio berezia, borobila eta ahaztezina izateko asmoz. Etxez etxe triptikoak banatuko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek; gaur hasita, asteburuan zehar. Hala, antolatu dituzten hitzorduen informazio gehiago izan dezaten herritarrek.

Puntako sei musika talde

Errekan Gora hitzordu kultural garrantzitsua da Eskoriatzan, eta, edizioz edizio lanketa eginez, puntako taldeak ekartzeko ahalegina egiten dute antolatzaileek, Hala, herrian ondo errotutako jaialdiaren zati inportanteenetakoa musika izanda, hamahirugarren edizio honetan sei talderen emanaldiak egongo dira: Swingtronics, Broken Brothers Brass Band, Idoia Asurmendi, The Allnighters, Wood Strings eta Moonshine Wagon.

Kaleko ziklo musikal zaharrena

"Debagoienean kalean egiten den ziklo musikal zaharrena da Errekan Gora egitasmoa, Eskoriatzan hasi ginena egiten duela hamahiru urte. Beste herri batzuetara ere irekitzen joan da halako formatua, eta funtzionatzen duela ikusi da. Hau da, musika kontzertuak egiteko ohiko plazak erabili arren, herriko txoko ezberdinetan ere antolatuz emanaldiren bat edo beste. Hala ere, azpimarratzekoa da halako jaialdi bat antolatzea ez dela batere erraza; programa pertsona ororentzat presatu behar izaten da, eta, punta-puntako taldeen apustua eginaz, oraingoan ere halakoak izango ditugu Eskoriatzan. Beraz, jaialdiak erantzun ona izango duela aurreikusten dugu…", adierazi du Iñaki Kortazarrek, Atxorrotx Kultura Elkarteko kideak.

Asteburu bakarrean

Errekan Gora jaialdia uztaileko asteburuetan izan ohi da aurreko edizioetan, baina, oraingoan, irailean eta asteburu bakarrean egitea erabaki dute. "Pandemiaren eragina izan da Errekan Gora jaialdiaren data aldatzearen ezaugarrietako bat. Batetik, uztailean hitzordu kultural ugari izaten dira bailarako herrietan, eta horregatik irailean egitearen aldeko apustua egin dugu. Bestetik, asteburu bakarrera mugatu dugun arren, ez dugu baztertzen bide beretik jarraitzea. Herritarren hasierako inpresioak oso onak izan dira, eta behin jaialdia amaitzean baloratu beharko da zerk funtzionatzen duen eta zerk ez".

Txoko berria, Santa Lutzia

Jaialdi honen berezitasun bat eta urtez urte errepikatu izan dena da ekintzak herriguneko hainbat txokotan antolatzen direla, eta, aurten ere hala egingo duten arren, berezitasun batekin dator. Izan ere, emanaldiak Fernando Eskoriatza plazan, Gernika plazan eta herriko kaleetan zehar izango dira, baina, esaterako, Idoia Asurmendi musikariak irailaren 19an eskainiko duen kontzertua Leten izango da, Santa Lutzia ermitan. "Leku berezi batean kontzertu berezi bat eskaini nahi genuen edizio honetan. Horretarako, herrigunetik atera dugu egitarauko hitzordu bat. Santa Lutziako ermita alboko eremua aproposa iruditu zitzaigun horretarako, eta funtzionatuko duela aurreikusten dugu", adierazi du Iñaki Kortazarrek, Atxorrotx Kultura Elkarteko kideak.

Agian, aldaketak

Izango diren musika taldeak eta euren informazioa, datak eta ordutegiak argitaratuta dituzten arren, antolatzaileek adierazi dute emanaldiren baten tokia aldatzekotan daudela, baina, hala bada, emango dutela lekualdaketaren berri datorren astean. Horrekin batera, aste honetan musika taldeen ezaugarriak argitaratuta, egunotan helaraziko dute kontzertuetan izango den edukiera muga, ikus-entzuleek hartu beharko dituzten neurriak…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak