Herritarren beharrei arreta eraginkorragoa eskaintzeko asmoan du jatorria H@zi proiektuak. Herritarrek gero eta eskakizun handiagoak dituztela ikusita, Udalaren edozein informazio eskuratzea errazteko helburua du egitasmoak, besteak beste. Plataforma digitala izateaz gain, zerbitzua herritarrek gehien erabiltzen dituzten udaletxeko espazioen birmoldaketa fisikoan islatuko da. Hori horrela, udaletxeko lanak ekainean esleitu ziren, eta, uztailean eta abuztuan zehar garatzekoak ziren arren, abuztu bukaeran hasi dituzte udaletxeko harreraguneko lanak.
Eskoriatzako Obra eta Zerbitzuetako Departamendutik adierazi dutenez, hilabete eta erdi edo bi hilabete inguru barru amaituko dituzte lanak. Birmoldaketaren helburu nagusia eraikinaren sarreran eta zenbait lan-eremutan aldaketak egitea da, udal langileekin batera garatutako metodologia berriaren arabera.
Udal zerbitzuak, Ibarraundin
Lanak egin bitartean, udal langileak kultura etxera eta Ibarraundi museora lekualdatu dira, eta arreta zerbitzua museoan ari dira eskaintzen, ohiko ordutegian. Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zerbitzuak kultura etxean daude, egungo kultura eta euskara zerbitzuez gain. Bestalde, udaltzaingoa, harrera eta gizarte zerbitzuak Ibarraundi museoan daude. Horrekin batera, jendaurreko ordutegia errespetatu behar dela adierazi du Eskoriatzako Udalak, aldez aurretik hitzordua eskatu behar dela eta COVID-19aren aurkako protokoloa bete behar dela.
Onurak Udalari eta herritarrei
Zerbitzu eraginkorragoa eta modernizatuagoa ezartzea da H@zi proiektuaren xedea, eta halako onurak ekarriko lizkioke herritarrei: tratu pertsonala eta indibidualizatua ematea, eskaerei arinago eta azkarrago erantzutea, i nformazio zuzena ematea… Udalari, berriz, baliabideak arrazionalizatzea, antolakuntza horizontalarekin baliabideak aurreztuz, herritarren aurrean duen irudia hobetzea…