Domekan, uztailaren 25ean, 63 urte beteko dira Uribarri Ganboako urtegian izandako tragedia handienetik. Izan ere, 1958ko uztailaren 25ean gazte talde bat zendu zen bertan, eta, guztira, zortzi gazte hil ziren, sei eskoriatzar eta bi eibartar. Bakarra irten zen bizirik.
Uribarri Ganboako urtegia 1958ko abuztuaren 25ean inauguratu zen ofizialki, nahiz eta aurretik martxan jarria izan Urrunaga edo Santa Engrazia urtegiaren ondoan. Hala, Santiago egunean, Dorletako Ama izena zuen txalupa batean zenbait lagun zeuden, eta eguraldia kaskartu egin zen; ontzia irauli, eta gazteak, uretara erori ondoren, itota hil ziren guztiak, bat izan ezik. Gazteak oso ezagunak ziren herrian, eta ezbeharra kolpe handia izan zen Eskoriatzarentzat, eta hemendik kanpo ere izan zuen oihartzuna.
Ezbeharraren gertakizuna
Uribarriko urtegian hildakoak, beste hainbat pertsona bezala, igeriketako erakustaldira joan ziren ezbeharra gertatu zen egunean. Zuhatzako irlan egon ostean, arratsaldean, bazkaldu ondoren, txaluparekin irten ziren buelta bat ematera, eta, seiak aldera, ekaitz bortitza hasi zen, tximistekin eta trumoiekin batera. Hala, irauli egin zen txalupa, eta Jose Maria Etxeberria izan zen bizirik irten zen bakarra. Historia ahaztezina da; Gasteiz eta Landa arteko errepidean dagoen harrizko itsasontzi baten gainean dagoen monolito batek tragedia eta hil zirenen izenak gogoratzen ditu.
Uribarrin gertatutako ezbeharra kolpe handia izan zen herriarentzat
Ohitura handia dago Eskoriatzatik eta bailarako beste zenbait herritatik Landara, Uribarrira eta Garaiora joateko, batez ere, uda garaian, bainua hartzera. Horrekin batera, ur-kirolak egiteko leku aproposak dira, baina kontu handia izan behar da. Izan ere, Uribarri Ganboan hirurogeita hamar pertsona baino gehiago ito dira sei hamarkadatan; gehienak, bainulariak eta egun-pasa joandako nabigatzaileak.
Istripuan hildako gazteak
Urtegiaren inaugurazioa
Urtegiaren eraikuntzari dagokionez, Francoren irudiarekin lotu izan da, baina ez zen hala izan. Nahiz eta diktadoreak 1958ko abuztuaren 25ean inauguratu zuen presa, zazpi minutu eskaseko ekitaldi batean. Urtegia egiteko ideia hogeita hamar urte lehenago sortu zen, 1926an. Manuel Uribe-Etxebarria bilbotar ingeniariak, Bizkaiko industria gero eta handiagoa zenez, eta elektrizitate gabeziari erantzuteko, Uribarri Ganboako orografia eta hidrografia bikainari erreparatu zion.