Buztinate buztingintza eta zeramikako elkarteko kideek ikasturte amaierako irteera egin zuten joan den zapatuan. Hain zuzen ere, Euskal Buztingintza Museora joan ziren, Arabako Elosu herriko Ollerieta auzora. "Kurtsoa behar bezala amaitzeko txangoa egin dugu. Euskal Buztingintza Museoa bisitatzeaz gain, buztingintzaz gehiago ikasteko aprobetxatu dugu, eltzegileen lana gertutik ikusteko aukera izan genuen…", adierazi du Olatz Pagaldayk, Buztinate elkarteko kideak.
Garai bateko labetzarra ere ikusteko aprobetxatu zuten bisitan. Oinplano lauangeluarrekoa da eta bederatzi metroko altuera du. Mendeetan zehar milaka eta milaka pieza erre dira bere erraietan, 1958an lan egiteari utzi zion arte.
IKASTURTE AMAIERAKO IRTEERA EGIN ARREN, ZENBAIT SAIO DITUZTE ORAINDIK UZTAILEAN
Elkartea sendotzen
"Buztinate sortu zenetik zenbait lagun errotuta gaude hasieratik, beste batzuk ikasturte bakarra egon dira, eta beste hainbat agertu izan dira klase solteren batean… Ikasturtea bukatu dugu, baina zenbait saio egingo ditugu oraindik, martxan ditugun azken proiektuak amaitzeko. Gainera, aste honetan herritar bat animatu da zer egiten dugun ikustera eta probatzera, eta hori ere behar dugu. Lokalean ezin gara talde handia batu, baina buztingintza probatu nahi duen orok ateak zabalik izango ditu beti".
Buztina landuz zeramikazko piezak sortzeko eta gauza berriak ikasteko, Zubiate labean astero bi talde batzen dira: nagusiena eta haurrena. Lokalaren edukieragatik, pertsona kopurua mugatu egin behar dute, baina buztingintza eta zeramika probatu nahi duenak ateak zabalik izango dituela azpimarratu dute beti.
Ondare preziatua
2016an Buztinate buztingintza eta zeramikako elkartea sortu zutenetik, herritarrak ikastaroetara animatzeko lan egin dute, eta horretan segitzen dute. Horrekin batera, Zubiate labeak gordetzen duen historiari eta herriak duen altxorrari balioa eman behar zaiola azpimarratzen dute, eta, aurrera begira, ikastaroetatik haratago, erakustaldiak antolatzeko asmoa ere badute. Hala, ikastaroetan egiten dituzten zenbait pieza herritarrek ere ikus ditzaten.