Cirilo Perea: "Danborrada ez egoteak pena handia ematen dit"

Imanol Beloki Unamuno 2021ko eka. 28a, 08:00

Cirilo Perea, 2017ko San Pedro jaietako nagusien danborradan.

Cirilo Perea, Eskoriatzako danborradako zuzendari zenbait urtez aritu da, eta gaztetatik bizi izan du ekitaldia. Bizitakoak kontatu ditu, duela zenbait urteko danborrada eta oraingoaren artekoa konparatu, etab. Datorren urtean antolatuko den esperantzaz agertu da.

Gogoz eta seriotasunez bizi izan du Eskoriatzako danborrada Cirilo Perea eskoriatzarrak. Konpainia guztiak ondo ezagutzen ditu, eta zuzendari orokor ere urte askoz aritu da. Aurten ez dira herrian danbor hotsak entzungo, baina esperantzaz agertu da datorren urtean antolatu ahal izango den usteaz.

San Pedro bezperan egiten den Eskoriatzako danborradako erreferente bat zara. Betidanik izan duzu danbor hotsekiko maitasuna?

Txiki-txikitatik aritu naiz danborradan. 18 urterekin Eskoriatzako helduen danborradan hasi nintzen Elizoste konpainiarekin; gero, Egokiena konpainian aritu nintzen, eta, zenbait urtez zuzendari orokor aritu ostean, Eguzkilore konpainiako gidari ere aritu nintzen, talde horretako Garbiñe Nuñez gidariarekin aginte-makila trukatuz… Gero, erreleboa emateko garaia iritsi zen, eta Andoni Motok egin ditu azken urteak zuzendari , eta lan bikaina egiten du. Nire moduan, barru-barrutik bizi du hark danborrada.

"Hasieran, lau konpainia zeuden, eta azken urteotan zortzi konpainia izatera iritsi gara"

Ibilbide luzea izan duzu. Bilakaera handia izan du Eskoriatzako danborradak?

Hasieran, lau konpainia zeuden, eta azken urteotan zortzi konpainia izatera iritsi gara. Gogoan ditut orduko garaiak, eta, talde zein jende gutxiago aritzen ginen arren, seriotasun gehiagorekin hartzen genuen ekitaldia. Jende helduagoa aritzen zen, eta, festa-giroa izaten genuen arren, ezberdina zen. Nire ustez, politagoa. Ondo pasatu behar da, ez dago zalantzarik, baina harrotu gabe, eta gogoa jarriz. Gaur egun, jende askok hartzen du parte, eta hori oso ondo dago. Izan ere, 200 pertsonatik gora izan gara azken urteotan, baina lehen zegoen seriotasun hori galdu egin dela uste dut. Gainera, ibilbidea oso luze egiten da halako parte-hartze handiarekin, eta musika ere ez da ondo entzuten.

"Datorren urtean uste dut posible izango dela danborrada egitea, baina ez dakit berriz aterako naizen"

Eskumuturra hautsita izan zenuenean ere, danborrada barik ere ezin geratu?

Hala da. 2002an, eskumuturra hautsi nuen eta eskaiolarekin atera nintzen danborradara, Joseba Errastirekin batera, zuzendariorde. Gero, zuzendaritza 2006an hartu nuela uste dut, eta duela urte gutxira arte aritu naiz. Datorren urtean uste dut posible izango dela danborrada egitea, baina ez dakit berriz aterako naizen.

Omenaldiak ere urtero egin dira danborradan. Ikuskizuna eskaintzeaz batera, merezitako aitortzak, betiere?

Hala da. Idoia Suduperi egindakoa dut, bereziki, gogoan. Lan asko egin zuen danborradaren alde, eta ez bakarrik nagusien danborradan, haurren danborradan ere bera aritzen zen haurrak gidatzen, arropak prestatzen… Halakoak egin beharrekoak direla uste dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak