Herriko azterketa egin, eta eskaerak udalbatzari

Imanol Beloki Unamuno 2021ko eka. 24a, 12:50

Eskola Agenda 20-30: Hiri eta Komunitate jasangarriak izenpean egidako ikus-entzunezkoaren fotograma bat.

Eskola Agenda 20-30: Hiri eta Komunitate jasangarriak izenepean, ikus-entzunezko bat egin dute herriko ikastetxeetako haurrek, herrian zehar egin duten azterketaren berri eman eta udalbatzako kideei egin daitezkeen zenbait hobekuntza proposatzeko.

Iaz ez egin arren, Eskoriatzako ikastetxeetako ikasleak osoko bilkura aretoan protagonista izaten dira, urtero, Eskola Agendaren bueltan egiten duten lanketaren berri emateko. Martitzenean, ezohiko osoko bilkura egiteko batu ziren udalbatzako kideak, eta, Eskola Agenda 20-30: Hiri eta Komunitate jasangarriak izenpean, bigarren, laugarren eta seigarren mailetakoek egindako ikus-entzunezkoa aurkeztu zuten.

"Eskola Agenda 21 izan da orain arte, eta Eskola Agenda 20-30ek ordezkatu du. Nazio Batuen Erakundeak pertsonen arteko berdintasuna eta planeta babesteko garapen iraunkorreko helburuak definituta, guk ere helburu ekologikoak lantzen jarraituko dugu –plastikoak, zaborra, erreka garbiketa, landaketak…–, baina arlo sozialak ere kontuan hartuko ditugu"; hori esanez hasi zuten bideo bidez egindako aurkezpena.

Herriko azterketa sakona

Proposatutakoak kontuan hartzeko eskatuz, honako hauek adierazi zituzten haurrek: "Parkeek duten egoera ez da ona, garbitasun falta ikusi dugu, eta baita zakarrontzi falta liburutegian eta depositu zaharrean, adibidez. Eskola pareko zorua eta skate parkea konpontzea ere ondo legoke. Komunak falta dira herrian, berdegune gehiago behar ditugu…"; eskaera guztiak HEMEN ikusgai. Horren harira, eskerrak eman zizkieten udalbatzako alderdi guztietako ordezkariek, eta baita Joserra Zubizarretak ere, Eskoriatzako alkateak: "Konpromisoa hartzen dugu zuen eskaerak batzordean aztertzeko". Parkeen azterketa egin duten haurrei erantzunez, alkateak bat egin zuen haurrek esandakoarekin: "Egia da parkeak eta plazak oso zikin ikusten ditugula, sarritan, eta, zoritzarrez, beste hainbat gune ere. Garbitasun zerbitzuko pertsonak aritzen dira kaleak garbitzen, eta une honetan zaila da herria garbi mantentzea, ahalegin berezia egin arren. Gogoratu beharra dago zakarrontzi selektiboak ditugula eta horiek erabili eta bertan ondo sailkatu behar dugula. Herri bat ez da garbiagoa sarri edo egunero garbitzen delako, bertako biztanleek ez zikintzeko egiten duten ahaleginarengatik baizik". Gauza zehatzei erreparatuz, Luis Ezeiza patioan eta beste parke batzuetan hobekuntzak izango direla aurreratu zuen.

Udalbatzako kideek haurren eskaerak entzun zituzten, eta irailean jasoko dituzte aurtengo eskaeren erantzunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak