Euskara ardatz, zubia eraikitzen

Imanol Beloki Unamuno 2021ko eka. 18a, 15:10

Auzoko Eskoriatza taldeko zenbait partaide kultura etxean.

Aniztasunean euskaraz bizitzeko helburua duen Auzoko Eskoriatza egitasmoa ikasturte amaierara iristear da. Asteroko lanketaz gain, ekintza bereziak egiteko aukera izan dute ikasturte honetan, eta helburuak bete dituztela adierazi dute.

Euskaratik urrun daudenei eta euskarara hurbildu nahi duten horiei euskaraz harrera egiten dien Auzoko Eskoriatza egitasmoak atera dio zukua ikasturte gorabeheratsu honi. Auzotarrak eta auzokideak elkartu eta euskaraz berba egiteaz batera, elkar ezagutzeko egitasmoaren aurtengo balorazio positiboa egin du Iratxe Arresek, Auzoko Eskoriatza taldeko koordinatzaileak.

Ekintza aberatsak

Aurten egin dituzten ekintzei balioa emateaz batera, zenbait lorpen eta helburu bete dituztela adierazi du Arresek. Horrekin batera, ikasturtea borobiltzeko ekintza berezi bat antolatzea aurreikusten dutela aurreratu nahi izan du, eta datorren urtera begira ere markatu dituzte Auzoko Eskoriatzaren helburu nagusiak: "Ikasturte hasieran ezin izan genuen ekintza berezirik egin COVID-19aren neurriak zirela-eta, baina urtarriletik hona, protokoloa zorrotz betez eta segurtasuna bermatuz, zenbait ekintza egin ditugu, eta aberasgarriak izan dira, gainera. Pentsatzen genuen ezingo ginela joan Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatera, baina, beraiekin batera adostuta, joan ginen, beste urte batzuetan moduan. Emakumeen Mundu Martxan ere parte hartu ahal izan genuen, Atxorrotx mendira irteera egin genuen gure herriko historiaren berri emateko…".

Urteko ekintza esanguratsuak

Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren harira, Auzoko Eskoriatzako taldeko kideak Huhezi fakultatean izan ziren elkar ezagutzen eta bizipenak partekatzen.

Atxorrotx mendia ezagutzera joan ziren maiatzaren amaiera aldera. Gazteluaren historia ezagutu eta eguraldiaz gozatzeko aprobetxatu zuten, Eskoriatzako bista ederrez gozatzeaz batera.

Zutabe sendoa eraikita

Auzotarrei euskarara gerturatzeko, ezinbestekoak dira auzokideak, eta aspektu horretan aurrerapauso handia eman dutela aurten adierazi du Arresek. "Auzoko Eskoriatza taldean nazionalitate askotariko hemeretzi partaide ditugu; Sahara, Brasil, Kolonbia, Mexiko, Siria, Nikaragua, Ukraina… Eta hauekin batera, hiru auzotar izatetik hamar izatera pasa gara, eta bide horretan Eskoriatzan Feminismo Bizirik taldekoek zeresan handia dute. Gure helburu nagusia, egitasmoa hasi zenetik, izan da atzerritarrak izan edo ez euskaratik urrun bizi direnak guregana gerturatzea; hau da, aniztasunean euskaraz bizitzea. Eta bide horretan jarraitzen dugu. Hala ere, esan behar da beti dugula bermatuta ekintza berezietan euskal hiztunen partaidetza". Hori horrela, auzokide kopurua handituta, datorren ikasturtera begirako helburu nagusietako bat auzotar gehiago batzea dela ere gaineratu du Iratxe Arresek, besteak beste.

Arropa truke arrakastatsua

Martxoan egindako arropa truke azokak izandako arrakastaren ostean, atzo, eguena, ere arropa trukea izan zen kultura etxean, auzotarrek –euskal hiztunak– sustatuta. "Batez ere, haurrendako arropak batu ditugu, eta banatu ez direnak beste erakunde batzuek antolatzen dituzten egitasmoetara bideratuko ditugu: Caritasera, Zaporeak-era… Ekintzak xumea dirudien arren, jendearen prestutasuna eskertzekoa da, eta hainbeste gauza batzea zoragarria da. Gainera, auzotarrek zenbait arroparen izenak euskaraz nola esaten diren ikasteko bide eman du".

Hilaren 22an, ekintza berezia

Ikasturte hau borobiltzeko, ekainaren 22rako ekintza berezi bat prestatu nahi dute Auzoko Eskoriatza taldekoek. Hitz-joko jolasa eta poesia tartean izango direla aurreratu nahi izan du Iratxe Arrese koordinatzaileak, egin behar dutena esan barik, parte-hartzaileei sorpresa emate aldera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak