San Juan bezpera Eskoriatzan dokumentalaren aurkezpena izango da, 19:00etan, Zaldibar antzokian, ekainaren 23an. Testigantzaz betetako ikus-entzunezkoa da, eta kaletar zein elizateetako zenbait herritarrekin osatu dute lana; hain zuzen, Eskoriatzako sanjuanek izan dituzten ohitura aldaketak ditu ardatz dokumentalak.
Zazpi eskoriatzar elkarrizketatu dituzte lana egiteko. Adin askotariko herritarrak dira, eta, Nola bizi izan dituzue zuek sanjuanak? galderari erantzunez, Eskoriatzan gaur egun San Juan bezperan egiten direnak zein galdutako ohiturak jaso dituzte horrela.
Hiru elementu identifikagarri
San Juan bezperako identifikagarriak diren hiru elementurekin osatu dute ikus-entzunezkoa: San Juan sua, tantaia altxatzea eta ura. Azken horrek ihintzarekin du zerikusia. Ekainaren 24 goizean, lehen orduko ira batu, eta goizeko ihintzarekin egiten zen ekintza, hain zuzen. Adibidez, ihintza horrekin aurpegia garbitzen zutela, azalarendako ona zelako, erreumarendako… Hori dio dokumentaleko protagonistetako batek.
1948an jaiotakoetatik 2002an jaiotakoetara bitarteko ohiturak jaso dira dokumentalean
Ohituraren bilakaera
"Jaso ditugun testigantzetan sua nola egiten zen kontatzen da etxe aurre bakoitzean. Tantaia lapurtu egiten zela, baina onartuta zegoela. Hasieran, tantaia eskuz altxatzen zen, eta jausteko zituen arriskuak ere kontatzen dira. Gainera, Jon Apraizek adierazten du nola jausi zitzaion hanka gainera… Hortik aurrera, polearekin jasotzen hasi zen, eta gero, garabiarekin. Tantaiari dagokionez, plazan jaso zuen azken belaunaldiko herritar batek ere hitz egin du, Saioa Uribek. Aspaldi egin barik zegoen San Juan dantza egin zuten beraiek. Laburbilduta, 1948an jaiotakoetatik 2002an jaiotakoetara bitarteko ohiturak jaso dira", adierazi du Mari Carmen Arrietak Eskoriatzako Udaleko Euskara teknikariak.
Ekitaldia ekainaren 23an
Lana nola egin den azaltzeaz batera, Zaldibar antzokian proiekzioa egingo da, eta testigantzak eskaini dituztenei ere eskerrak emateko aprobetxatuko dute, besteak beste. Bertara joan nahi duenak gonbidapenak eskatu beharko ditu kultura etxean.