Eskoriatzako Beheko Errota musika eskolak datorren ikasturtera begirako matrikula zabaldu du. 2021/22 kurtsorako egongo diren aktibitateen berri emateaz batera, ikasturteak izango dituen berrikuntzen gaineko informazioa eman nahi izan dute, eta, batez ere, musikarekin lehenengo kontaktua izango duten haurrengan indarrak jarri. Uztailaren 9ra arte dago aukera izena emateko, eta, horretarako, musikaesko@hotmail.com helbidera idatzi edo 943 71 49 95 telefono zenbakira deitu daiteke.
Urte zaila izan bada ere, neurriak ezarriz aurrera atera dute ikasturtea, baina datorren ikasturtea indartuta hasi nahi dute: "Beherakada nabarmena izan dugu tailerrean izena ematen dutenei dagokienez. Hau da, tailerra deitzen diegu musikarekin lehen kontaktua duten haurren ikasketei. 4, 5 eta 6 urtekoak aritzen dira hemen, eta, sarri, 7 edo 8 urterekin hasten dira musika-hizkuntza ikasgaiarekin zuzenean, instrumentu bat hartzeko gogoz, eta tailerrean irakasten ditugun oinarrizko kontzeptuen falta nabarmena ikusten dugu. Beraz, gurasoei adierazi nahi diegu haurrak oso txikiak izan arren oso garrantzitsua dela tailerreko urte horietako edukia", esan du Araceli Telletxeak, Beheko Errota musika eskolako zuzendariak.
Metodologia berria
Musika eskolako lehenengo ikasketa prozesuaren ikasleen hutsuneari aurre egiteko, datorren ikasturteko berrikuntza nagusia da metodologia berri batekin hasiko direla. Hain zuzen ere, Gela birtuala izenekoa. "Teknologia berrietara egokitzeko, modu hau erabiliko dugu, gaur egun ezinbestekoa dena. Duela lau urte Valentziako eskola batean sortutako egitasmoa da, eta hedatzen ari da musika eskola askotan. Kasu honetan, maila guztietara hedatzea izango litzateke asmoa…".
Lengoaia musikalean aldaketa
Informatika Musikala ere inplementatu nahi dute hirugarren mailako ikasleentzat. Kasu honetan, oinarrizko ezagutza izatea ezinbestekoa izango da. Bi ataletan zatituta egongo da: partiturak idaztea eta grabaketak egitea.
Udaleku artistikoak
Musika eskolako kideek gogorarazi dute zabalik dagoela udaleku artistikoen izen-ematea. Uztailaren 5etik 23ra bitartean izango dira, eta azpimarratu dute 4 urtetik 9 urte arte luzatu dela apuntatzeko adina.